NAIZ
BILBO

Kataluniako erreferendumari babesa adierazi diote Estatu osoko izen ezagunek

Erabakitzea «eskubide demokratikoa» dela iritzita, urriaren 1ean Katalunian egingo duten erreferendumari babesa adierazten dion manifestua izenpetu dute Estatu osoko hamarka pertsonak. Politika arlokoak ez ezik, kulturgintzakoak, akademikoak edota sindikalgintzakoak ere badaude sinatzaileen artean. Gaur aurkeztu dute Bartzelonan.

Euskal Herria, Herrialde Katalanak, Galiza, Andaluzia, Madril edota Extremaduratik, besteak beste, atxikimendu ugari bildu ditu orain arte –arlo desberdinetan gainera– urriaren 1eko erreferendumaren alde sustatutako manifestu batek.

Gaur aurkeztu dute Bartzelonan ofizialki testua eta honek azpimarratzen du erabakitzeko eskubidea Nazio Batuen Erakundeak aitortzen duela eta «munduko herri askoren kasuan» onartzen bada ere, «Kataluniako herriari eta Espainiako Estatuaren mende dauden herriei» ukatu egiten zaiela.

Manifestuaren sustatzaile eta lehen sinatzaileen artean daude Maddalen Iriarte eta Adolfo Araiz (EH Bilduren bozeramaileak Gasteiz eta Iruñeko Parlamentuetan), Teresa Rodriguez (Andaluziako Parlamentuko legebiltzarkidea), Xose Manuel Beiras buruzagi politiko galiziarra, BNG alderdiko eleduna den Ana Ponton, Manolo Rivas idazle eta kazetari galiziara eta Jordi Cuixart, Òmnium Culturaleko presidentea.

«Subiranotasunaren eta independentziaren aldeko Kataluniako mugimendua baketsua, demokratikoa eta errepublikazalea da, herritarren babes zabala du eta gizarte zibiletik sortuta antolakunde politiko eta sozialetara hedatu da», azaltzen du manifestuak.

«Nahiz eta denak ez bultzatu, krisiak gehien kaltetutako herritarrei laguntzeko aldaketak eskatzen dituen mugimendu soziala ere bada», nabarmentzen dute, eta hortaz, gaineratzen dute, Estatuko «herri guztien eta PPren eta Rajoyren Gobernuaren politikak aldatzeko borrokan ari direnen aliatua» ere badela.

Era berean, gaitzetsi egin dute «bere eskubide demokratikoak baliatzen dituztenen aurka eta Kataluniako herriak legez aukeratutako ordezkari eta erakundeen aurka Espainiako Gobernuak erabili nahi duen errepresio judizial edo poliziala».

Agiriari babesa adierazi diotenek –albiste honi atxikita dago zerrenda osoa, pdf formatuan–, «norbere aukera politikoa alde batera utzita», Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa agertu dute, urriaren 1eko deialdia defendatuz eta zita horretan «ahalik eta parte-hartzerik eta mobilizaziorik handiena» izatearen alde egiten dute.