@arianekamio
Donostia

‘La douleur’, minaren erraietara

Emmanuel Finkielek ‘La douleur’ lana eraman du Zinemaldiko lehiara, Bigarren Mundu Gerran girotutako istorio intimo eta mingarria.

 ‘La douleur’ filmeko zuzendaria eta aktoreak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
‘La douleur’ filmeko zuzendaria eta aktoreak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

1944ko Parisen, nazien okupaziopean, Marguerite Durasek kutxa batean ahaztuak zituen koadernoak topatuko ditu eta senarraren atxiloaldiraino eta bere itzuleraren itxaronaldi luzeraino eramango du bere burua.

Emmanuel Finkielek kontakizun gordina, intimoa ekarri du Donostiako Zinemaldiko lehia ofizialera. 40ko hamarkadako Estatu frantsesaren trazua egiten du, Marguerite Durasen begietatik. Melanie Thierry du protagonista, 124 minutu irauten filmeko pisu osoa hartzen duen aktorea. «Saiatu naiz desordena ikaragarri hori aurkitzen sentimenduetan eta pentsamenduetan eta horietan sakontzen ahalegindu naiz. Oso intimoa da egin dudana. bakoitzak gure eskarmentutik egiten du lan, bizitakotik abiatzen gara», aipatu du gaur hedabideen aurrean.

Marguerite Durasen autobiografian oinarritutako lanak, Margueriten itxaronaldian eraikitzen du narrazioaren habi nagusia. Senarra duen Robert Antelme erresistentziako kidea atxilo eraman dute naziek eta laster Alemaniara eramango dute, kontzentrazio esparru batera. Durasek hilabete ugari pasako ditu senarraren berririk apenas jaso gabe, eta egoera horrek sortzen duen minean sakondu du Finkiel zuzendariak. «Gutxi gorabehera denok antzeko ezaugarriak ditugu. Berak aipatzen duen min hori denok ezagutzen dugu, denok bizi dugu min hori, nahiz galtze prozesu horretan ez egon, baina denok izan dugu galeraren bat. Horretan oinarritzen naiz egokitze prozesu horretan», aipatu du.

Lehia ofizialean bihar egun seinalatua izango da, Jon Garaño eta Aitor Arregik publikoaren aurrean aurkeztuko baitute haien azken lana, ‘Handia’.