NAIZ

Eskuina nagusi frantses Senaturako hauteskunde partzialetan

Estatu frantsesa bere Senatuaren erdia berritzen ari da, eta aurreikuspenak betetzen ari dira. Lehenengo datuek eskuinari ematen diote hegemonia, ganbaran egundo duen pisua indartzeraino. Emmanuel Macronen alderdiak, bestalde, kolpea jaso du. Espagnac, Brisson eta St Pée izan dira hautatuak Pirinio Atlantikoetan.

Brisson eta Espagnac, artxiboko irudi batean. (Gaizka IROZ)
Brisson eta Espagnac, artxiboko irudi batean. (Gaizka IROZ)

18.30ak aldera hasi dira Estatu frantseseko Senatua berritzeko igande honetan egin diren hauteskundeen emaitzen berri ematen. Hauen arabera, eskuinak irabazi ditu berauek, aise gainera. 171 senatari dira berritzekoak hauteskunde hauen bitartez, eta guztiak banatu gabe direla 138 dituzte jada eskuindarrek.

Senatari berri hauek lehendik zituzten 142 hautetsiei gehituko zaizkie. Ondorioz, nabarmen ikusiko dute indartua euren indarra Senatu frantsesean.

Bigarren postuan agertu dira Partidu Sozialistako kideak, hautetsiak hautatzeko moduak lagunduta. Emmanuel Macronen aldekoek, berriz, aurrez zuten indar berarekin jarraituko dute ganbaran, ordezkaritza gutxitua ikusteko aukera duten arren. Ultraeskuinak ez du ordezkaritzarik lortu.

Espagnac, Brisson eta St Pée

Pirinio Atlantikoetan hiru senatari zituzten hautatzeko. Gaur arte bi sozialistak ziren -Frederique Espagnac eta George Labazee- eta bat zentrista -Jean Jacques Lasserre-. Bada hautetsontziek erabaki dute Espagnac berriro hautatua izatea, eta honekin batera izan dira hautatuak Max Brisson eta Denis St Pée.

Galtzaileak, PSko disidente gisa aurkeztu dun George Labaze eta Jean Pierre Mirande zentrista zuberotarra izan dira.

Espagnac zein Brisson iragan uztailean Parisera joan zen euskal hautetsien delegazioaren kide izan ziren, euskal bake prozesuarekiko nolabaiteko atxikimendua erakutsiz. Delegazioak hainbat bilera egin zituen euskal presoen egoeraren inguruan.