@gara_miantzi
Donostia

Euskararen arnasguneetarako politika eraginkorrak bilatuko dituzte elkarlanean

Uemak eta Soziolinguistika Klusterrak egun osoko jardunaldiak antolatu dute heldu den azaroaren 22rako. ‘Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak’ izenburua izanen dute eta Donostiako Ibaetako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan eginen dira. 

Unai Fernandez de Betoño, Josu Labaka eta Belen Uranga, gaurko agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Unai Fernandez de Betoño, Josu Labaka eta Belen Uranga, gaurko agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Aurkezpenean azaldu dutenez, trakzio lana egiteko funtzio garrantzitsua aitortzen zaie arnasguneei. Baina, zabaltze prozesu bat bultzatu nahi izan arren, atzerakada gertatzen ari da, batez ere erabileran. Hori aldatzeko hizkuntza politika eraginkorrak bilatu nahi dituzte, eta horretarako gakoak adostea da hain zuzen jardunaldion helburua. Ikerlariak, arduradun politikoak eta eragile sozialak gonbidatu dituzte.

Ikerketa lerro eta hausnarketa baten jarraipena izanen dira jardunaldiak. Ideiak eragileekin partekatzea da asmoa, aurrerapauso bat emateko. Udalerri euskaldunak ez dira homogeneoak; ezberdintasun handiak daude batetik bertzera. Batzuk goian daude erabilerari dagokionez eta bertzeak ez hainbertze. Horren adibide da Bermeo eta Ondarroa konparatuz egin duten ikerketa. Bietan ezagutza bera izan arren, sekulako aldea dago erabileran. ‘Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak’ jardunaldietan aurkeztuko duten ikerketetako bat izanen da.

Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariak gidatutako bertze ikerlan bat ere plazaratuko dute. Bertan Uemako udalerri guztien kale erabilera neurtu dute, eta 80 bat herritako datuak jaso dituzte.

Hitzaldi eta mahai-inguruez gain, partekatzeko guneak eskainiko dituzte. Hala, kafea hartzeko tartean eta bazkalorduan herrietako esperientzia zehatzak eta iritziak trukatzea da ideia.

Hainbat ertzetatik begiratuta, euskararen ekosistemaren argazki ahalik eta osoena ateratzen saiatuko dira. Adibidez, Mikel Zalbide euskaltzainak, lexikoan eta terminologian adituak, etorkizuneko gako nagusiak emanen ditu. Iñaki Agirreazkuenagak, bestalde, administrazio eta lege aldetik dauden traba eta aukerak aztertuko ditu.

Unai Fernandez de Betoñok lurralde antolaketaren eta hirigintzaren begirada ekarriko du; Alberto Barandiaranek, aldiz, hedabideena. Arrakastatsuak izan daitezken arloak arakatu eta puntu komunak bilatzen ahaleginduko dira.