Aimar Olaizolak ohiturari eutsi dio beste partida on batean (18-22)

Azken hiru urteetan bezala, Labriten elkarren aurka ekin diote bi nafarrek Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkari eta goizuetarrak beste behin garaipena eskuratu du partida gorabeheratsu batean

Jon Ormazabal|2017/10/12 19:35
Aimar
Goizuetarra nagusi izan da Labriten. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Gustura geratu dira ostegunez Labritera gerturatu diren pilotazaleak, partida eder batez gozatzeko aukera eman baitiete beste behin Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizolak. Bien arteko partidak beti izan ohi dira gogorrak eta piloteatuak eta gaurkoa ere hala izan da, nahiz eta hasieran bazirudien beste bide bat hartuko zuela lehiak.

Izan ere, goizuetarrak azkar xamar lortu baitu erabakigarria zirudien zortzi tantotako aldea (3-11). Ez du partida nahi bezain ondo hasi Oinatz Bengoetxeak, tantoak dominatzea kosta egin zaio eta amaitzerakoan ere kamuts aritu da eta Olaizola II.ak ez du barkatu.

Hala ere, txapeldunen erantzuna izan du leitzarrak. Sakean arriskuak hartuz eta inspirazio guztia batera etorri balitzaio bezala, lehia hamahiruna berdintzeko gai izan da eta baita 16-14 eta 18-16 aurreratzeko ere.

Azken txanpan baina, Olaizola II.a osoago heldu da, fisikoki ere gehiago zela zirudien eta azken sei tantoak jarraian lortuz, garaipena eskuratu du kaiolan zazpi aldiz txapeldun izan den pilotariak.