EH Bildu: «Ez dago erabakitzeko eskubidearen inguruan inolako akordiorik egiterik Estatuarekin»

Gasteizko Legebiltzarrean EH Bilduk dituen parlamentariek bere ohiko lanarekin jarraitu dute gaur, Hispanitatearen egunean ez dutelako «ezer ospatzeko». Besteak beste, Kataluniako egoera izan dute aztergai eta zera ondorioztatu dute: «Ez dagoela erabakitzeko eskubidearen inguruan inolako akordiorik egiterik Espainiako Estatuarekin».

NAIZ|GASTEIZ|2017/10/12 13:28|Iruzkin 1
Ehbildu
EH Bilduko legebiltzarkideak, bilera hasi aurretik. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduko legebiltzarkideak goizeko 10.00etan joan dira Parlamentura, gaur ofizialki jai eguna izan arren. «Ez dugu ezer ospatzeko», adierazi du sarreran Maddalen Iriarte bozeramailek hedabideei eginiko adierazpenetan.

Beste gai batzuen artean, azken egunotako gertakariak izan dituzte aztergai bileran EH Bilduko kideek, eta zera ondorioztatu dute, Iriartek azaldu duenez: «Nahiko garbi geratzen da atzo Madrilen ikusitakoaren ondoren ez dagoela erabakitzeko eskubidearen inguruan inolako akordiorik egiterik Espainiako estatuarekin; PPk, PSOEK eta Ciudadanosek argi utzi zuten».

 

Horrenbestez, nazioarteko komunitateak zer esango duen eta nola esango duen itxarongo dute, eta horrek Kataluniari nahiz Euskal Herriari begira zer eragin izango duen.

Konstituzioaren erreforma egin arren horrek ere ez lukeela korapiloa askatuko uste du EH Bilduk, ez baitu katalanen eta euskaldunen erabakitzeko eskubidea errespetatzen. «Estatuak Kataluniari eman dion erantzuna ‘ez’ da, eta ez dirudi inolako aldebiko harremanik edo negoziaziorik egon daitekeenik», nabarmendu du Iriartek.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK