Erresidentzietako langileek martxa bat antolatu dute patronalen «borondate ezaren aurrean»

Erresidentzietako grebalariek oinezko martxa bat egingo dute Bizkaian zehar datorren asteartetik larunbatera. Mobilziazio honen bitartez sketoreko bi patronalek, LARES eta ELBEK «ez dutela gatazka sozio-laboral hau amaitutzat jotzeko gogorik azaldu» helarazi nahi dute.

NAIZ|2017/10/13 12:09
Aa_20170901485278
Langileak, aurreko mobilizazio batean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Urriaren 17an hasita eta hilaren 21ean amaituta, erresidentzietako langileek oinezko martxa bat egingo dute Bizkaian zehar. Honen bidez, jendaurrean bistaratu nahi dute 350 greba-egun eginak dituztenean, orain dela hamar egun GESCA patronal nagusiarekin aurre-akordio bat lortu zutela, baina sektoreko gainerako bi patronalek (LARES eta ELBE) «ez dutela agertu orain arte batere gogorik eraginkortasun orokorreko hitzarmena sinatzeko, ezta gatazka sozio-laborala amaitutzat jotzeko ere».

Greban dauden langileen iritziz, patronal horien jarrera «oso larria» da. Bizkaiko zahar-egoitzetako langileen esanetan «onartezina» da patronal horien jokabidea, «bereziki LARESena». Izan ere, patronal hori, «ustez, irabazi asmorik gabekoa» da, eta elkarturik dituen zentro nagusiak zahar-egoitzak dira, non Bizkaiko Foru Aldundiaren itunpeko oheak okupaturiko oheen %80 eta %100 bitartean dauden.

«Bizkaiko Foru Aldundiak jarraituko du oheak ituntzen egoitza horiekin, gatazka sozio-laboral horrekin behingoz amaitzeko akordiorik egiteko batere asmorik ez badute ere? Bizkaiko Foru Aldundiak ez du neurririk hartuko egoera ito-puntutik ateratzeko?», galdetu dute ohar baten bitartez.

Oinezko martxak bost etapa izango ditu. Urriaren 17an, asteartea, hasi eta urriaren 21ean, larunbata, amaituko da. Lehenengo etapa Bilboko Erruki Etxetik abiatuko da, eta Gurutzetan bukatu. Bigarren etapa ezkerraldetik joango da, Barakaldotik Portugaletera. Hirugarren etapa eskuinaldetik, Zubi Eskegitik Leioara. Laugarren etapa Zornotzatik Durangora. Eta azken etapa Basauritik Bilboko foru jauregiraino.