Jon Ormazabal
LEKUNBERRI

Urrutikoetxeak beste behin indargabetu du Altunaren «magia» (22-12)

Zaratamokoak dena ia perfektu egin du eta garaipen handia lortu du amezketarraren aurka Lekunberrin jokatutako partidan (22-12).

Altuna baino gehiago izan da Urrutikoetxea. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Altuna baino gehiago izan da Urrutikoetxea. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Mikel Urrutikoetxeak Jokin Altunari neurria hartua diola esan daiteke. Hiru aldiz jokatu dute elkarren aurka buruz buru, lau t'erdian edo kantxa osoan, eta gaurkoa izan da tantorik gehien egin dion eguna; hala ere 12 tantotan geratu da amezketarra.

Aspekoak sasoiz ondo zegoela esan du partida amaieran eta ez du bere egun txarrari taxuzko erantzun bat ematen jakin. Kontua da, parean dena bikain egin duen Mikel Urrutikoetxea bat izan duela eta Zaratamokoak gaur egungo pilotaririk osoena dela berretsi duela.

Launako berdinketara arte nahikoa parekatua joan da partida, baina berehala egin du zuloa markagailuan bizkaitarrak. Lekunberrikoa bezalako frontoi berezi batean, sakeak izugarrizko garrantzia hartzen du eta hor Urrutikoetxea askoz hobea izan da. Bere esku zuela, bost tanto egin ditu sakez, baina batez ere errestoan egin dio min Altunari. Aurrelaria izanagatik, sakeak eramaten ere primerako pilotaria da zaratamoztarra eta ez dio Altunari airez sartzeko inolako aukerarik eman eta tantoa non sartu aurkitu ezinda aritu da amezketarra.

Urrutikoetxeak, aldiz, oso ondo jakin izan du bere garaipenaren zati handi bat pilota ezkerparetan sartzean zegoela eta bikain asmatu du, tantoa amaitzeko orduan ere bikain asmatuz.

Garaipen honekin, bigarren jardunaldian Ezkurdiaren aurka jokatuko du gaurko irabazleak larunbatean Bilbon eta Altuna III.ak Artola izango du arerio, igandean, Eibarren.