NAIZ

Elkarretaratzeak deitu ditu Kalera Kalerak Ibon Iparragirreren askatasuna eskatzeko

Asteazken honetan epaitegien aurrean elkarretaratzeak egitea proposatu du Kalera Kalera ekimenak larriki gaixo dagoen Ibon Iparragirre presoaren askatasuna eskatzeko. Mediku forentsearen hitzen arabera, presoak edozein infekzio harrapatuz gero, hilkutxan itzuliko da bere herrira.

Elkarretaratzea egin zuten pasa den igandean Ondarroan. (Andoni CANELLADA)
Elkarretaratzea egin zuten pasa den igandean Ondarroan. (Andoni CANELLADA)

«Espainiako espetxe politika kriminala Ibon Iparragirre preso politikoa hiltzen ari da» Kalera Kalera ekimenaren ustez. Hiesa dauka Iparragirrek, eta atxilotu eta Sevilla II-ra urrundu zutenean bere karga birala zortzikoiztu egin zitzaion.

21011n, bere osasun egoeraren ondorioz, espetxe araudiko 100.2 artikulua ezarri zioten; horren arabera espetxe arindua ezarri zioten eta zigorra etxean betetzea ahalbidetu. 2014an, baina, «modu erabat bidegabea erabiliz», berriro atxilo hartu zuten.

Orduz geroztik, behin baino gehiagotan piztu da Iparragirrerengan alarma gorria; azkena, maiatzean urgentziaz ospitaleratu zutenekoa. Madrilgo ospitale batean egindako azken analitiken arabera, 20 defentsa baino ez ditu presoak (pertsona osasuntsu batek 723-1.124 artean behar lituzkeenean).

Iparragirreren egoeraren arduradunak «espetxe, justizia eta osasun estamentu zehatzak» dira Kalera Kalera ekimenarentzat, zeinak mediku forentsearen esanak azpimarratu dituen: presoak edozein infekzio harrapatuz gero, hilkutxan itzuliko da bere herrira.

Iparragirre aske uzteko erabakia Castro epailearen eta Alcala Mecoko medikuaren esku dago.

Elkarretaratzeak asteazkenean egingo dira, 19.00etan, Hego Euskal Herriko eskualde buruko epaitegietan. Bizkaian: Bilbo, Barakaldo, Getxo, Gernika eta Durangon; Gipuzkoan: Donostia, Tolosa, Azpeitia, Eibar, Irun eta Bergaran; Araban: Gasteizen; eta Nafarroan: Iruñea, Tutera eta Tafallan.