NAIZ
BILBO

Milaka euskal herritar atera dira kalera Sanchez eta Cuixarten espetxeratzea gaitzesteko

Gure Esku Dagok deituta, Euskal Herriko puntu ugaritan elkarretaratzeak egin dituzte ‘Junts’ –Elkarrekin– eta ‘Gu beti Kataluniarekin’ lelopean. Kataluniako ANC eta Omniumeko presidenteen ekarpena aitortzeaz gain, babesa adierazi diete eta gogor gaitzetsi dute beraien espetxeratzea.

Gasteizen elkarretaratze jendetsua egin dute. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Gasteizen elkarretaratze jendetsua egin dute. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Gure Esku Dagok deituta Euskal Herriko txoko ugaritan egin diren elkarretaratzetan salatu dute Cuixart eta Sanchez «herritarren borondateari era baketsu eta demokratikoan bide emateko lan egiteagatik» espetxera bidali izana.

«Ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka egiten ari da zuzenean Espainiako estatua, botere judizialaren bidez eta etengabeko beldurraren kanpaina eginez. Urrutiegi iritsi da. Herritarren oinarrizko eskubideei bizkarra eman eta gizatasunaren muga gainditzeraino», nabarmendu du Gure Esku Dagok.

Era berean, independentziaren aldeko mobilizazio eta adierazpideak «delitu bilakatu nahia oso larria» dela azpimarratu du dinamikak. «Demokrazia batean –gaineratu dute– aukera guztiek beren tokia izan behar dute eta proiektu politiko guztiek modu baketsuan eta demokratikoan defendatu eta gauzatzeko modua izan behar dute, salbuespenik gabe».

Katalanek «XXI. mendeko kultura politiko berriari atea zabaldu» diotela adierazi du GEDk eta, gainera, era baketsu eta zibikoan egin dutela nabarmendu, «irribarre bat ahoan».

Azkenik, «bi Jordien lan infinitua» aitortu ondoren, esan diete «behin ere ez» zaiela babesa faltako. «Ez gara nekatuko esateaz zuekin gaudela. Estem amb vosaltres».