NAIZ

Sartreren ‘Begirada’, lehen aldiz euskaratua

Juanmari Agirreurreta filologoak eta filosofian doktoreak euskaratu du, lehen aldiz, Jean-Paul Sartreren ‘Begirada’. Honen «esangura» medio erabaki du argitaratzea Jakin Irakurgaiak sailak.

Liburuaren aurkezpeneko argazkia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Liburuaren aurkezpeneko argazkia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Jean-Paul Sartreren ‘L'Être el le Nèant’ tratatu filosofikoaren «funtsezko atala» da ‘Begirada’ kapitulua, Juanmari Agirreurreta euskal filologo eta filosofian doktoreak lehen aldiz euskarara ekarri duena. Honen «esanguragatik» erabaki du argitaratzea Jakin Irakurgaiak sailak.

Prentsa ohar batean adierazi dutenez, aipatu sailaren helburua da «pentsamenduaren dibulgazioa» egitea, oinarrizko testu eta irakurgaiak euskaraz eskainiz. «Zalantzarik gabe, Jean-Paul Sartre dugu filosofiaren autore nabarmenetako bat».

1943an argitaratu zuen Sartrek ‘Begirada’, izatearen inguruko teorizazio baten baitan. Bi bloke ditu honek: izatearen inguruko teoria lehena eta askatasunaren teoria bigarrena. Bien arteko giltzarria da ‘Begirada’, zubia: «Obraren aparatu kontzeptual osoa biltzen du kapitulu honek, eta bestetasuna nitasunera datorreneko fenomeno bezala aurkezten du begirada askatasunarekin lotzeko».

Sartreren lanean etengabekoak dira kapitulu honekiko erreferentziak. Autorearen askatasun aldarritzat hartu izan da tratatua, eta bere oinarrizko obra filosofikotzat jotzen da.

Berriki osatu duen tesirako aztertu du liburua Agirreurretak, eta lan horren baitan euskaratu du. Izan ere, oso gutxi euskaratua izan den autorea da Sartre.