NAIZ

Garoña eraisteko eta Estatuko beste nuklearrak ixteko eskatu du Gasteizko Parlamentuak

EH Bilduren ekimenez, Gasteizko Legebiltzarrak Garoña eraisteko eta Estatuko beste nuklearrak ixteko eskatu dio Gobernu espainolari. PP da proposamenaren alde agertu ez den talde bakarra.

Garoñako zentral nuklearra. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Garoñako zentral nuklearra. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Legebiltzarrak Garoñako zentrala eraisteko eta Estatuko beste nuklearrak ere modu progresiboan ixteko exjitu dio gaur Gobernu espainolari. EH Bilduk proposatuta, EAJk, Podemosek eta PSEk bat egin dute ekimenarekin. Lau taldeek sinatutako erdibideko zuzenketak, Garoña behin betiko ixteko erabakia dela eta poza adierazteaz gainera, zentralaren «eraisketa lanak hasteko prozedura tekniko eta administratiboak inongo luzapenik gabe hasteko» galdegiten die Gobernu espainolari eta zentralaren jabe diren enpresei.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak, bere hitzartzean, Garoña eraistearen garrantzia azpimarratu du, gainontzean, «hondakin erradioaktiboak direla eta arrisku eta mehatxu nuklearrak urteetan eta urteetan bizirik jarraituko» dutelakoan.

Onartutako testuan, halaber, Garoña inguruko eskualdean, euskal udalerriak barne, Berraktibatze Ekonomikorako Plan bat abian jar dezala eskatu dio Legebiltzarrak Madrilgo Gobernuari; «betiere Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak parte hartuz eta energia berriztagarrietan inbertsioak eginez», zehazten du dokumentuak.

Era berean, Garoñako zentralaren eraisketa prozesuaren gaineko kontrola eta jarraipena egiteko helburuz, Arabako Foru Aldundiarekin eta tokiko erakundeekin elkarlanean, instituzio arteko batzordea eratu dezala eskatu dio Parlamentuak Lakuari.

Pasa den abuztuaren 1ean erabaki zuen Gobernu espainolak Garoña ixtea.