@iontelleria
BARTZELONA

Jende ilarak bankuetan, ekintza zuzenaren mobilizazio aldiari ekiteko

Katalunia osoko hamaika bankutan jende ilarak sortu dira goizeko zortzietatik aurrera Òmnium eta ANCk deitutako mobilizazioaren harira. «Kontsumitzaile gisa» ekiteko mobilizazio aldi berria hasi dute gaurkoarekin, atxiloketak salatu eta erreferenduma babesteko.

Sagrada Familia inguruko Caixabanken bulego batean jende ilarak goizeko lehen orduan.
Sagrada Familia inguruko Caixabanken bulego batean jende ilarak goizeko lehen orduan.

Sagrada Familia inguruan, Sant Antoni Maria Claret kalean Caixabankek duen bulegoan lehen ordutik jende ilara osatu da bart gauean ‘Crida Democràcia’ ekimenaren bidez egin duten deialdiari erantzunez. Zain zen jendea kanpoko bi kutxazainetan eta zain bulego barruan ere. Orduerdi ingurura kutxatzainetako bat zerbitzuz kanpo geratu da.

Omnium eta ANCk mobilizazio aldi berria iragarri dute asteon eta atzo zehaztu zuten ekintza zuzenen aro berri honetako lehen ekimena. Deialdia zehatza, bereziki 8etatik 9ak bitartean banketxe nagusietara joan eta dirua ateratzea, «kontsumitzaile gisa» herritarrek elkarrekin jardunda duten indarra erakuste aldera. Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezen espetxeratzeak salatzea dute helburu baina baita independentzia baldintzatu asmoz izaten ari diren bestelako ekimenak ere. Adibidez, Caixabank eta Sabadell banketxeetan dirua dutenei hauek euren egoitza soziala Kataluniatik kanpora eramateko erabakia arbuiatzeko deia ere egin diete entitate soberanistek.

Zonaldearen arabera erantzun ezberdina izan du ekimenak baina leku askotan ikusi dira jende ilarak eta sarean ere ikusmina sortu du, goizean mundu mailako joera izan da Twitterren #LaForçaDeLaGent traola.

Kopuru sinbolikoak (155€) eta ikuspegi kontrajarriak

Ekimenari bestelako osagai sinbolikoak gehitzeko ere baliatu dute herritar ugarik. Horien artean 155 €-ko diru ateratzeak, Espainiako Gobernuak Katalunian aplikatu nahi duen Konstituzioko artikuluari erreferentzia eginez.

Ekimenarekin bat egin dutenen artean, baita Kataluniako parlamentuko diputatuak ere. Adibidez, Lluis Llach.

Ekimenarekiko kritiko, aldiz, Santi Vila Kataluniako Gobernuko Enpresa kontseilaria. Twitterren esan du «bankuak tentsionatzea eta boikot komertzial dinamikak ez dira entzunarazteko modurik egokiena. Ekonomia arriskuan jartzea beti da autogol bat»:

Zail da bien arteko erlazio zuzenik egitea baina 9.45ean bankuen burtsako joerei begiratuz gero Sabadell eta Caixabank dira beheranzko joeran ageri ziren bakarrak:

Gaurko ekimena mobilizazio aldi berri baten abiapuntua da, norbanakoek elkarrekin jardunez lor dezaketen indarra adierazi asmo dute eta hala azaldu zuten deitzaileek txinurri lana ardatz zuen bideo honetan: