NAIZ
DONOSTIA

Puntu bakarra eskuratu du Realak Espanyolen aurrean (1-1)

Minutu askotan zehar markagailuan atzetik ibili da Reala, baina Januzajen jokaldi bikain baten ostean etorri den Illarramendiren golak puntu bat eman dio talde Donostiarrari. Azken metroetan ideiak falta izan zaizkio Eusebioren taldeari.

Oyarzabal izan da etxekoen onena minutu askotan zehar. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Oyarzabal izan da etxekoen onena minutu askotan zehar. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Sailkapen nagusiko goiko taldeei batzeko aukera on bat huts egin du Realak gaurkoan. Espanyolek ez du gauza handirik aurkeztu Anoetan, baina Leo Baptistaok gola egin du zortzigarren minutuan eta errenta hori baliatu nahi izan dute katalanek. Defentsan bigun ibili dira Kevin eta Iñigo Martinez eta aurrelari basildarrak ederki sareratu du buruz Juradoren pasea.

Espanyolek baloia donostiarren oinetan utzi du baina etxekoek ideiak faltan bota dituzte azken metroetan. Soilik Oyarzabalek eraman du arriskua aurkarien ate ingururura, urrutiko pare bat jaurtiketarekin.

Bigarren zatian hobe aritu dira Eusebioren jokalariak. Baina benetako aldaketa Januzajen sarrerarekin iritsi da. Ezker aldetik bizitasuna eman dio taldeari eta bertatik iritsi da berdinketaren gola ere. Jokaldi bikaina egin du, atzean hainbat aurkari utzita eta Illarramendiri gola oparituz.

Bazegoen denbora aurretik, eta gertu egon da. Januzajek beste jokaldi eder bat egin du, baina bere azken paseak ez du errematerik aurkitu. Korner batean ere gertu egon da donostiarren bigarrena, baina markagailua ez da gehiago mugitu.

Azken minutuetan epaileak Illarramendi kaleratu du bigarren txartel horia jaso du eta ezingo du hurrengo partidan jokatu.