NAIZ
BAIONA

Sexu jazarpenak egitea egotzi diote lau emakumek Jean Lassalle diputatuari

2007az geroztik Asanblea Nazional frantsesean diputatu den Jean Lassallerenganik sexu jazarpena pairatu izana salatu dute lau emakumek, tartean PSko Colette Capdevielle diputatu ohiak.

Jean Lassalle, artxiboko irudi batean.
Jean Lassalle, artxiboko irudi batean.

Gertatutakoa salatzen lehena Julia Castanier izan zen, Frantziako Alderdi Komunistako komunikazio burua. Twitter bidez jakinarazi zuenez, 25 urte zituela eta Parlamentuko laguntzaile zela, Jean Lassallek ipurdia ukitu ziola.

#Balancetonporc traola erabiliz argitaratu zuen mezuak oihartzun zabala lortu zuen sarean, 2.000tik gora bertxio pilatuta.

Hari horretatik tiraka, Mediapart hedabideak beste hainbat emakumeren testigantzak bildu ditu, tartean Colette Capdevielle diputatu ohiarena.

Castanierrek aipatu hedabideari zehaztu zion salatutakoa 2010ean gertatu zela, hemiziklora zihoala Lassalle ondotik pasa eta ipurdia ukitu ziola. Elkar ezagutzen ez zuten eta «guztiz harrituta» gelditu zen.

Egun horretan bertan, AFP agentziako kazetari de Mie Kohiyamak ere azaldu zuen, Lassallek 2007. urtean Japoniara egin zuen bidaia batean, igogailu barruan baimenik gabe musu ematen saiatu zela.

Mediapartek Colette Capdevielle diputatua sozialista ohiaren testigantza ere jaso zuen. Berari ere ipurdia ukitu izan diola azaltzeaz gain, salatu du dutxa baten bila ari zela eta, ate bat ireki zuenean, Jean Lassalle galtontzillotan aurkitu zuela. Harekin dutxatzeko gonbitea egin zion diputatu bearnesak eta Capdeviellek alde egin zuen. Ondoren «dutxako neska-laguna» ere deitu izan ziola salatu du diputatu ohiak.

Karine Berger PSko diputatu ohiak ere azaldu du «oso astuna» zela eta komentario desegoki ugari egiten zizkiela.

Castanierren lehen salaketaren ondotik, Lassallek gezurtatu egin zuen, esanez ez zuela emakumea ezagutzen.

Sud-Ouest kazetari egindako adierazpenetan aitortzen du «ondoeza» antzematen duela eta jazarpena salatu duten emakumeen «haserrea» ulertzen duela. Kalterik egiteko asmorik ez zuela argudiatzen du Lassallek.