NAIZ
DONOSTIA

Urrezko Danbor parte hartzaileena aukeratzeko prozesua, martxan

Gaur hasita, Urrezko Danbor parte hartzaileena irabazteko hautagaiak aurkeztu ahal dituzte donostiar norbanakoek, elkarteek, fundazioek, kirol klubek eta udal-taldeek. Azaroaren 6tik 17ra Idazkaritza orokorrak eta Herri Partaidetza sailak proposamenak aztertu eta finalistak aukeratuko dituzte. Garailea abenduan ezagutuko da, herri bozketaren ostean.

Donostiako alkate Eneko Goiak eta Parte Hartze zinegotzi Duñike Agirrezabalakagak ezagutzera eman dute Urrezko Danborra hautatzeko prozesua. (Donostiako Udala)
Donostiako alkate Eneko Goiak eta Parte Hartze zinegotzi Duñike Agirrezabalakagak ezagutzera eman dute Urrezko Danborra hautatzeko prozesua. (Donostiako Udala)

Donostiako alkate Eneko Goiak eta Parte Hartze zinegotzi Duñike Agirrezabalakagak aditzera eman dute Urrezko Danborra hautatzeko prozesua urria, azaroa eta abenduaren zehar egingo dela.

Gaur hasita, erroldatuta dauden donostiar guztiek Urrezko Danbor parte hartzaileenera proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, baita elkarteek, fundazioek, kirol-klubek eta Donostiako Udaleko udal-taldeek ere. Proposamen hauek web atariaren bidez egin ahal izango dira, baita Udalinfok Altza, Easo, Morlans eta Udaletxean. Hautagaiak aurkezteko epea azaroaren 5ean amaituko da.

Azaroaren 6tik 17ra Idazkaritza orokorrak eta Herri Partaidetza sailak proposamenak aztertuko dituzte eta txostena egingo dute. Txosten hori Udalaren Bozeramaileen Batzordera bidaliko da. Eta batzorde horrek hautagaitzak aukeratuko ditu azaroaren 20 eta 23 bitartean. Azaroaren 24 eta 29 bitartean, Donostiako Udala aukeratutako hautagaiekin harremanetan jarriko da Urrezko Danborrarako hautagai izateko borondatea ezagutzeko.

Herritarrek abenduan bozkatuko dute

Saritua abenduan jakingo da. Eta horretarako, herri-bozketa egingo da abenduaren 11tik 17ra. Bertan parte hartu ahal izango dute, 16 urtetik gorako erroldatutako donostiarrek, hautagaitzak aurkezteko bide berdinak erabiliz. Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahal izango du. Eta horretarako hainbat datu eskatuko dira. Horrenbestez, pertsona bat, boto bat printzipioa bermatuko da.

Behin bozketa amaituta eta prozesua egiaztatuta, hautagai irabazlearen izena argitaratuko da, eta abenduaren amaieran udalbatzak irabazlea berretsiko du.