NAIZ
GASTEIZ

Agerraldi sorta eskatu dute EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek, euskal espetxe eredua diseinatzeko

Euskal espetxe eredua diseinatzen hasteko lehenengo urratsak egiten hasi dira EH Bildu eta Elkarrekin Podemos. Agerraldi sorta eskatu dute Legebiltzarrean, Jone Goirizelaia eta Juan Luis Uriak azaldu dutenez «kartzela sistema, neurriak eta lehentasunak» zehazteko.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen talde parlamentarioak, artxiboko irudi batean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen talde parlamentarioak, artxiboko irudi batean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen talde parlamentarioek agerraldi sorta eskatu dute Gasteizko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean, behin espetxeen transferentzia gauzatuta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezarri beharreko kartzela ereduaz eztabaidatzen hasteko.

Ez da aipatu alderdiek alor honetan abian jartzen duten lehenengo ekimena. Iragan ekainean jada eskatu zuten batzorde berezi baten sorrera, baina EAJ, PSE eta PPren ezezkoarekin topatu ziren. Alta, batzorde berezirik sortu gabe nahi dute orain aurrera egin, sektoreko arduradun eta adituen agerraldi bidez.

Uste dute modu horretan posible izango dela euskal espetxeen egoera ezagutzea, aldatu beharreko elementuak detektatzea eta neurriak eta lehentasunak zehaztea, «betiere giza eskubideen errespetuan oinarritutako espetxe eredu propioa diseinatu eta garatu ahal izateko, Jone Goirizelaia eta Juan Luis Uriak azaldu dutenez.

Euren hitzetan, eztabaida irekitzea da helburua, espetxeen alorrean inplikaturik dauden eragileei parte hartzeko aukera emanda. Agerraldien bidez espetxeen transferentziarekin eta kartzela eredu propio baten diseinuarekin zerikusia dute arlo guztiak landuko dituzte. Besteak beste, Lakuako Lan eta Justizia sailburua, kartzela osasunaren eta hezkuntzaren arduraduna, Kataluniako Justizia sailburua, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kartzela batzordea, Euskal Kriminologia Institutua, Zaballako kartzelako zuzendaria, Gurutze Gorria, Sida Alava, Etxerat, Salhaketa, Cassandra kolektiboa eta hiru foru aldundien gizarte politiketako sailak emango dute lekukotza.