NAIZ
DONOSTIA

Metroaren kontrako aldarri ozena Antiguako kaleetan

400 lagunetik gora bildu dira gaur eguerdian Donostiako metroaren aurka Antigua auzoan egindako manifestazioan. Martxan adin guztietako jendeak parte hartu du ‘Antiguok ez du behar: Metroari stop’ leloaren atzetik.

Ehunka pertsona batu dira Antiguan metroaren aurka. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Ehunka pertsona batu dira Antiguan metroaren aurka. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Martxa 12:00etan abiatu da Bentaberriko Polikiroldegitik eta ibilbidea Sert Plazan amaitu da. Metroak auzoan kaltetuko dituen kaleak igaro ditu mobilizazioak. Etengabekoa izan dira proiektuaren aurkako aldarriak.

Mobilziazioaren amaieran, «makroproiektuaren aurka aktibatzeko beharra» nabarmendu dute. Proiektu honen aurrean instituzioek izan duten jarrera salatu dute. «Partehartzeko tresna moduan erabili beharrean, gutxi batzuren interes ekonomikoen zerbitzura jartzen dituzte denon instituzioak». Zentzu honetan, galdeketa baten beharra jarri dute mahai gainean.

Bestetik, proiektu honek auzoan izango dituen ondorioak salatu dituzte. Ildo horretan, suposatuko duen «diru xahuketa» nabarmendu dute, hala nola, lau urteko obra batzuek Antigua bezalako auzo batean sortuko dituzten arazoak «eraikinak arriskuan jarriz, autobusak desagertuz...».

Satorralaiako kideek adierazi dutenez, azken egunetan etengabeak izan dira Antiguan egin diren informazio eta salaketa ekintzak. Bide beretik, «datozen egunetan hasi daitezkeen» obrak gelditzeko egingo diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzeko deialdia egin du Satorralaiak eta azaroaren 18an Antiguatik Bulebarrera ‘Stop metroari! Inposaketarik ez’ lelopean egingo den manifestazioa «jendetsua» izatea eskatu.