NAIZ
HENDAIA

Sakabanaketaren aurka 52 kexa jarri dituzte frantziar Eskubideen Defendatzailearen bulegoan

Estatu frantseseko espetxeetan sakabanatuta dauden 52 euskal presoen senideek kexak bidali dituzte frantziar Eskubideen Defendatzailearen bulegora, dispertsioak eta urrunketak senideei eragiten dizkien giza eskubideen urraketak salatzeko. Salaketetan haurren eta adineko pertsonen egoera bereziki nabarmendu dute.

Etxeratek Hendaian egin duen agerraldia. (@EtxeratElkartea)
Etxeratek Hendaian egin duen agerraldia. (@EtxeratElkartea)

Etxeratek agerraldia eskaini du gaur Hendaian, Estatu frantsesean espetxeraturik dauden preso politikoen senideek Eskubideen Defendatzailearen bulegora bidali dituzten kexen berri emateko.

Azaldu dutenez, guztira 52 kexa bidali dituzte Eskubideen Defendatzailearen bulegora, dispertsioak eta urrunketak presoen senide eta gertukoengan eragiten dituzten eskubide urraketak salatzeko helburuarekin.

Kexa horiek Administrazio publikoak, zehazki Justizia Ministerioak egindako urraketetan oinarritzen dira. Etxeratek gogoratu du preso gehienek Mont-de-Marsan edo Lannemezanera hurbiltzeko eskaera egina dute aurretik, baina frantziar Gobernuak «ez du ezer egin urruntzeak senideengan eta lagunengan sortzen duen egoera gogorra konpontzeko».

Euskal presoak Euskal Herritik urrun dauzkatela, eta horrek senideei bidaiak antolatzeko unean arazo ugari sortzen dizkiela salatzen dute kexa guztietan, besteak beste, bidaia luzeak eta nekagarriak direla; ordu asko behar direla hain urrun dauden espetxeetara bisitak egiteko eta adineko senitartekoek bidaia luzeak egiteko dituzten zailtasunak aipatzen dituzte.

Horrekin batera, bidaien kostu ekonomikoa nabarmentzen dute, «galera eta hondamen ekonomikoa eragiten baitituzte bidaia horiek guztiek». 930 kilometrora dagoen Fleuryko kartzelara egindako bisita baten kostua, pertsona batentzat, 250-300 euro arteko izan ohi da, Etxeratek azaldu duenez.

Zazpi kexa Haurren Defendatzailearen bulegora

Adin txikikoen egoerarekin atal berezia osatu dute senideek eta zazpi kexa bidaliko dituzte Haurren Defendatzailearen bulegora. «Preso batzuek adin txikiko seme-alabak dituzte eta aita, ama, eta zeinbat kasutan biak ikusteko bidaia luze horiek egitea are gogorragoa da haientzat, batzuetan eskola edo ikastola egunak galdu behar dituztelarik», adierazi du Etxeratek.

«Sakabanatzearen ondorioz egin behar diren bidaia luzeek presoen senitartekoen eta lagunen inguruan tentsioa, akidura, zama fisikoa eta psikikoa sortzen dituzte, adin txikikoen eta pertsona adinduen neke eta oinazeak esponentzialki biderkatuz», erantsi du.

Azaroaren 16an frantziar Estatuko espetxeetan hasiko duten biraren eta abenduaren 9an Parisen bakearen artisauek deitu duten manifestazioaren atarian, Etxeratek nabarmendu du presoak etxera ekartzeko ahaleginak biderkatu egingo dituela.