Ane Urkiri
Andoain

Andoaindarrak bozkatzera atera dira euria saihestu nahian

Eguerdiko 13.30ean 1.323 bozka zenbatu dira Andoainen, hau da, zentsoaren %10,75ak hartu du parte hartu aurreneko lau ordu eta erdian. Pozez hartu dute datua arduradunek.

Euritik babestuz aritu dira andoaindarrak.
Euritik babestuz aritu dira andoaindarrak.

Abesti euskaldun eta katalanak tartekatu dira Andoaingo Zumea plazan, hiru hauteslekuetako batean, goizeko 11.00etan. Euri zaparradak baldintzatuta, hautetsontziak aterpean babestu behar izan dituzte, hitzordu koloretsua apur bat ilunduz.

Baldintzapeko egoera horretan, ordea, atertzearekin batera barraskiloak legez kaleratu dira herritarrak, zuzenean hautetsontzietara, ilarak sortuz.

Goikoplazan, Kataluniako hautetsontzia zegoen lekuan, bozkatu du Ana Carrere alkateak goizeko 9.00etan; eguneko aurreneko botoa izan da. Eta ez da izan kasualitatea, izan ere emakumeen parte-hartzea hauspotu nahi izan dute Garbiñe Agirre komunikazio arduradunak esan zuenez.

Ez da auzizko aukera izan azaroaren 5ean bozkatzea. 1933eko egun berean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako emakumeek historian lehenengo aldiz hartu baitzuten parte hauteskunde batean. Une hura gogoan, eta alkatearen bozaz gain, 16 urteko neska kuadrila batek eman du lehen botoa Zumea plazan eta familia bereko belaunaldi ezberdinetako emakumeek aldi berean bozkatzeko aukera izan dute. 

Juanita Alkain plaza ondoko bozkalekuan, esaterako, Maritxu Manterola, Pili Guerrero eta Uxue Guerrero batu dira. Sabelean tximeletak dantzan, Manterolak adierazi du bozkatzea askatasuna dela, «independentzia», gerrako kontuak gogoan zituela. «Zenbat denbora egon behar izan garen hiru belaunaldiak aldi berean bozkatzeko», gogorarazi du Uxue Guerrero bere ilobak, sufragio unibertsala eta erabakitzeko eskubidea goraipatuz.