NAIZ

Ane Irazabal, Mariano Ferrer eta Bertsolari Txapelketa, ‘Euskal Kazetaritza’ saridunen artean

Ane Irazabal, Gervasio Sanchez, Mariano Ferrer, Iñaki Iriarte, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia eta Mikel Iturralde izan dira aurtengo ‘Euskal Kazetaritza’ sarien irabazleak. Azaroaren 20an eginen da Bilbon sari banaketa, eta bertan Antton Olariagak eta bere Zakilixut pertsonaiak ere omenaldia jasoko dute, azken honen jaiotzaren 40. urteurrenagatik.

Ane Irazabalek jaso du ‘Euskal Kazetariak’ ataleko saria. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Ane Irazabalek jaso du ‘Euskal Kazetariak’ ataleko saria. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak antolatutako ‘Euskal Kazetaritza Sariak 2017’ banatu dituzte.

Ane Irazabal ‘Euskal Kazetariak’ ataleko saritua izan da, «guda eta gatazka zonaldeetan egindako sekulako lanagatik». Bestetik, ‘Adierazpen Askatasunaren José María Portell’ sariaa Gervasio Sanchezi egokitu zaio, «gatazka armatuetan egindako lanagatik eta bere giza-sentikortasuna eta baita gudaren laztura salatzeagatik ere».

‘Ibilbide Profesionala’ren saria, aldiz, Mariano Ferrer eta Iñaki Iriartek jaso dute. EGIN eta Deia egunkarien jaiotzaren 40. urteurrenagatik, hauek izan baitziren egunkariotako lehen zuzendariak, hurrenez hurren.

‘Pertsonaia edo Giza instituzioa’ren saria, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiarentzat izan da. Honekin, «komunikabideekin duten harremana eta komunikazio on bat dela eta, euskal kulturaren zati bat berreskuratzea» saritu nahi izan dute. Azkenik, ‘Treneando’ blogeko egile den Mikel Iturraldek eskuratu du ‘Kazetaritza Digitala’ saria.

Sari banaketa datorren azaroaren 20an egingo da, 19:30ean, Bilboko BBK Salan. Ekitaldian ere Antton Olariagak eta bere Zakilixut pertsonaiak ere omenaldia jasoko dute, azken honen jaiotzaren 40. urteurrenagatik.

Epaimahaian Euskal Kazetarien Elkarteko eta Kazetarien Euskal Elkargoko hainbat kide egoteaz gain, unibertsitateko irakasle, enpresa ezberdinetako komunikazio teknikari eta egunkarietako zuzendariak daude. Tartean, GARA egunkariko zuzendari den Iñaki Soto.