NAIZ
BAIONA

Montparnasse geltokitik abiatuko da Pariseko presoen aldeko manifestazioa

Pariseko Montparnasse geltokitik abiatuko da abenduaren 9ko presoen aldeko manifestazioa. Bertan, harrera egingo diete Euskal Herritik datozen trenei eta espetxeetara joango den martxari.

Urrian Pariseko mobilizazioaren antolatzaileek Baionan egin zuten agerraldia. (Bob EDME)
Urrian Pariseko mobilizazioaren antolatzaileek Baionan egin zuten agerraldia. (Bob EDME)

Goizeko 11.30ean hasiko dira biltzen Montparnasse geltokiaren aurrekaldean. Animazioak izanen dira eta ondoren Euskal Herritik datozen trenei harrera eginen zaie. Ordu erdi geroago, espetxeetara martxan parte hartuko dutenei eginen zaie harrera. 12.30etan abiatuko da manifestazioa, Euskal Herriko musika, kantu eta dantzaz lagundurik. Camion Sound System ere izanen da,  Bad Sound System eta Fermin Muguruza, Zebda taldeko Mouss eta Hakim, Ogres des Barback taldeko Fredo, Oreka TX eta Roce arituko direlarik.

Parisera bi tren berezi helduko dira egun horretan, orotara 2.000 lagun joan direlarik bertan. Hauen artean, joera guztietako hautetsiak (eskuin, zentro, ezkerra, abertzaleak, ekologistak, ...) izanen dir ere.

Mobilizazioa erreibindikatiboa eta alaitsua izanen dela adierazi dute Bake Bidea eta Pakearean Artitsauak antolatzaileek. Presoen urruntzea eta sakabanaketarekin amaitzea eta euren etxeetara gerturatzea eskatuko da martxan. Honekin batera, gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoak kaleratzea eta lege komunaren arabera kanpoan izan beharko liratekenak ere askatzea ere aldarrikatuko da. Exzepzio erregimenarekin amaitzea ere eskatuko da Pariseko kaleetan, presoengan ezezik euren familiengan ere ondorioak dituela salatuz.

Honekin batera, abenduaren 7tik Pariseko erregioko espetxeak (Reaux, Fleury-Merogis eta Fresnes) lotuko dituen ibilbidea egingo dute Pakearen Artisauek. Ekimen hau Bagoaz, Etxerat eta Sarek azaroaren 16tik Estatu frantseseko espetxeetara egiten ari diren itzulian kokatzen da.