Gasteizko Parlamentuko alderdiek, PPk izan ezik, biktimak omendu dituzte Memoriaren egunean

Lakuak, Gasteizko Parlamentuak, eta bertan ordezkatutako alderdi guztiek (PPk izan ezik) Memoriaren eguna dela eta biktimak omendu dituzte. 2010etik ospatzen da Memoriaren eguna azaroaren 10ean. Etxeratek euskal preso politikoen urruntze politikak eragin dituen 16 hildakoak ekarri ditu gogora eta hauen aitorpena aldarrikatu du.

NAIZ|GASTEIZ|2017/11/10 12:06|0 iruzkin
Gasteiz-victimas
Biktimak gogora ekarri dituzte Parlamentuko atarian. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Lehen edizioan «terrorismoaren biktimak» omendu zituzten, baina 2011tik aurrera biolentzia polizialaren biktimak ere barne hartzen ditu egun honek, eta ordutik PPk ez du parte hartu. Azken hauek haien aldetik egin dute gaurko eguneko ekitaldia, Getxon.

EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk eta Parlamentuko Bakartxo Tejeria buru zirela bildu dira Gasteizko Parlamentuko atarian. Gobernuko kontseilariak eta EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEko ordezkariak egon dira.

Txalapartaren doinuekin ekin diote omenaldiari, eta ‘Agur jaunak’ abestuz itxi.

Ekitaldi honen aurretik, aldiz, Etxeratek memoriaren aldarrikapena ere bertaraino eraman du. Euskal preso politikoen urruntze politikak eragin dituen 16 hildakoak ekarri dituzte gogora eta hauen aitorpena aldarrikatu. Ekitaldian EH Bilduko ordezkariak ere egon dira.

«Noizko dispertsioak eraildako 16 senideen aitortza? ¿Dónde está su memoria?» zioen pankarta baten atzetik egin dute aldarrikapena Etxerateko kideek. Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileek azaldu dutenez, dispertsio politikaren biktimak biolentzia politikoaren biktimak aitortzen dituen legean aitortuak egotea defendatu dute.

Arabako Diputazioa, Gasteizko Udala eta Arabako Batzar Nagusiak diputazioaren atarian bildu dira. Hemen ere, alderdi guztia izan dira presente, PP izan ezik. Donostian aldiz, Udaleko alderdi guztiak elkartu dira, PP barne, Alderdi Ederren. Bilboko Udalak ere ekitaldia egin du biktima guztiak omenduz; hor ere PPk ez du parte hartu.

Getxon, berriz, omenaldia egin diete Estatuko segurtasun indarrek hil zituzten Félix Arnaiz Maeso, Alfredo San Sebastian eta Felicitas María Alexandra Leckett-i.