Zazpi euskal preso politikori DPS estatusa kendu diete

Bake Bideak jakinarazi duenez, iragarritako Didier Aguerrez gain, Jon Salaberria, Ibon Fernandez Iradi, Itzia Plaza Fernandez, Jon Bienzobas Arretxe, Zigor Garro Perez eta Asier Borrero Toribio euskal preso politikoei DPS estatusa kendu diete. «Pauso garrantzitsu bat» dela iritzi dute eta «urrats berriak etor daitezen» abenduaren 9an Parisen egingo den mobilizazioaren garrantzia nabarmendu dute.

NAIZ|2017/11/14 09:56|0 iruzkin

Jon Salaberria, Ibon Fernandez Iradi, Itzia Plaza Fernandez, Didier Aguerre, Jon Bienzobas Arretxe, Zigor Garro Perez eta Asier Borrero Toribio euskal preso politikoei DPS estatusa kendu dietela jakinarazi du Bake Bideak ohar baten bitartez.

Oharra urrian Parisen Justizia ministerioarekin elkartu zen delegaritzak sinatzen du. Bertan izan ziren Jean-René Etchegaray, Euskal Elkargoko presidentea, Michel Tubiana, Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea, Michel Berhocohirigoin, Bakearen artisaua, Vincent Bru, Pirinio Atlantikoetako diputatua eta Anaiz Funosas, Bake Bideako presidentea.

Azaldu dutenez, «Paris eta Euskal Herriaren arteko lan espazioaren lehen keinu bat da» DPS estatusa kentzea. Bilera hartan estatus hau izan zuten hizpide, baita presoen hurbilketa, gaixo dauden presoak edo kondenaren bukaeran direnen askatzea ere.

Urrats honi indar handiagoa emateko beharra nabarmendu dute, eta bide horretan «presoek, familiek eta gizarteak bere osotasunean aldarrikatzen dituen beste urrats batzuk etor daitezen», abenduaren 9an Parisen izanen den mobilizazioaren garrantzia azpimarratu nahi du ordezkaritzak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK