NAIZ
BILBO

Batzen egitasmoa jaio da, Euskal Herria eta euskal komunitatea «munduan kokatzen laguntzeko»

«Euskal komunitatean atomizatuta dauden inertziak interes komuneko proiektu erakargarrien inguruan» bideratzeko jaio da Batzen egitasmoa, helburu argi batekin: euskara, euskal kultura, Euskal Herria eta eukal komunitatea munduan kokatzen laguntzea.

Iñaki Goirizelaiak azaldu ditu Euskalduna Jauregian Batzen egitasmoaren nondik norakoak. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Iñaki Goirizelaiak azaldu ditu Euskalduna Jauregian Batzen egitasmoaren nondik norakoak. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

«Elkarrekin elkarlanean zer izatera edo egitera irits gintezke?». Horixe da Batzen egitasmo jaioberriaren muina laburbiltzen duen galdera. Bilboko Euskalduna Jauregian egin den aurkezpenean, munduan barrena dagoen euskal komunitateari protagonismoa eman nahi dion egitasmo honen filosofia, ibilbide-orria eta helburuak azaldu dituzte.

EHUko errektore ohi Iñaki Goirizelaiaren esanetan, «euskal komunitatean atomizatuta dauden inertziak interes komuneko proiektu erakargarrien inguruan» bideratzeko jaio da Batzen, «eta, noski, helburu bat daukagu: euskara, euskal kultura, Euskal Herria eta euskal komunitatea munduan kokatzen lagundu nahi dugu».

200 bat lagunen aurrean egindako aurkezpenean presente egon da Annie Gavica, North American Basque Organisations-eko (NABO) lehendakaria. Han izan dira ere euskal kultura, enpresa eta unibertsitate arloko zein erakundeetako hainbat ordezkari. Gure Esku Dago eta Independentistak sarearen ordezkaritza bana ere egon da.

Proiektua, baina, ez da zerotik hasten. Goirizelaiak azaldu duenez, eragile askoren lanari esker (erakunde publikoak, enpresak eta komunikabideak, tartean GARA) posible izan den ‘Elkarrekin Together’ dokumentalak erakusten du «elkarlana posible baino beharrezkoa dela».

Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoak zuzendutako lanak euskal balea-arrantzaleen eta orduko amerikarren lehen arremana jorratzen du, beste mundu bat posible izan zela adierazteko eta, ondorioz, beste mundu bat posible dela.

Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten eta dagoeneko, euskal komunitatearen laguntzaz, ari da Ipar eta Hego Ameriketan barrena bidea egiten. Hilaren 17tik aurrera Euskal Herriko zinema aretoetara ere iritsiko da gaur Euskaldunan izan direnek ikusi ahal izan duten lana.

‘Elkarrekin Together’ egitasmoaren «hasiera besterik ez da». «Proiektu berriak sortu nahi ditugu, epe luzeko proiektu eraginkorrak eta eragingarriak. Elkarrekin arituta bakarrik egi bihurtu daitezkeen proiektuak», nabarmendu du Goirizelaiak.

Horretarako, udara arte proiektu horiek definitzeko euskal hiritarren ekarpenak entzun nahi dituzte. Ondoren, egindako debatearen emaitzen eta proiektu dinamika honek emandako fruituen berri emango dute.