NAIZ
DONOSTIA

Ibon Iparragirre askatzeko eskatu eta Parisera joateko deia egin dute preso, iheslari eta deportatu ohiek

250 preso, iheslari eta deportatu politiko ohik batzarra egin dute gaur Donostian, gatazka politikoaren ondorioak eta presoen auzia konpontzeko egin daitezkeen ekarpenak aztertzeko. Gaixotasun larriak dituzte presoen egoerari «erabateko lehentasuna» eman behar zaiela nabarmendu eta Ibon Iparragirre etxeratzeko eskatu dute. Abenduaren 9ko Parisko manifestaziora joateko deia ere egin dute.

Batzarrean bildu diren preso, iheslari eta deportatu ohiak. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Batzarrean bildu diren preso, iheslari eta deportatu ohiak. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Preso, iheslari eta deportatuen egoerari behin betiko konponbidea aurkitzeko helburuarekin, batzarra egin dute gaur Donostian bere garaian espetxea, erbestea eta deportazioa jasan duten 250 lagunek. Besteak beste, gatazka politikoaren ondorioak aztertu eta presoen auzia konpontzeko egin daitezkeen ekarpenak izan dituzte hizpide.

Zehazki, gatazkaren ondorioak etorkizunari begira, presoen ildo juridiko berria, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren (EIPK) erronkak, abenduaren 9ko Prisko hitzordua eta Justizia Ministerio frantsesarekin ireki den elkarrizketa bidea jorratu dituzte batzarrean.

Ohar batean azaldu dutenez, gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoen egoerari «erabateko lehentasuna» eman behar zaie, eta hori kontuan hartuta Ibon Iparragirrek ezin duela espetxean «minutu bat gehiago jarraitu» nabarmendu dute. Hala, ondarroarra «berandu baino lehen» kalera ateratzeko exijitu dute.

Horrekin batera, heldu den abenduaren 9an Parisen bakearen artisauek antolatuta egingo den mobilizazioaren garrantzia azpimarratu dute, eta dei egin diote euskal gizarteari egun horretan frantziar hiriburura joan daitezen.