NAIZ
NAIROBI

Kenyatta presidentearen berrautaketa baliozkotzat jo du Keniako Auzitegi Gorenak

Keniako Auzitegi Gorenak baliozkotzat jo ditu iragan urriaren 26an egin ziren bozen emaitzak, oposizioak boikot egin zien arren. Hortaz, Uhuru Kenyattaren garaipena berretsi dute epaileek eta ofizialki jabetu ahalko da karguaz.

Uhuru Kenyatta presidentearen jarraitzaileak, Auzitegi Gorenaren ebazpena ospatzen. (Fredrik LERNERYD/AFP)
Uhuru Kenyatta presidentearen jarraitzaileak, Auzitegi Gorenaren ebazpena ospatzen. (Fredrik LERNERYD/AFP)

Abuztuaren 8ko hauteskundeekin gertatu zen modu berean, emaitzak baliogabetzeko bi helegite zituen mahai gainean Keniako Auzitegi Gorenak. Lehen boz horietan irregulartasunak izan zirela ebatzi zuten epaileek eta hauteskundeak errepikatzeko agindua eman zuten.

Oposizioko aldeide urriaren 26ko bozak boikotatu bazituzten ere, Auzitegi Gorenak baliozkotzat jo ditu emaitzak. %98ko babesa pilatu zuen Kenyattak. Hori bai, lehen zitan parte-hartzea %79,5ekoa izan bazen, bigarren deialdian %38,9ra arte jaitsi zen.

Ebazpenaren ondotik, abuztutik funtziotan –baina praktikan ia inongo mugarik gabe– aginduan dagoen Kenyattak ofizialki hartu ahalko du kargua hilaren 28an.

Kenyattaren alderdiak jarraitzaile gehien dituen zonaldeetan herritarrak kalera atera dira Auzitegi Gorenaren erabakia ospatzeko. Hala ere, bertako komunikabideek berri eman dutenez, oposizioaren gotorlekuetan bi hildako egon dira, bata Nairobi hiriburuko Kibera auzoan eta bestea mendebaldean dagoen Migori hirian.

Poliziarekin izandako liskarretan tiroa jasota hil direla zehaztu dute aipatu iturriek.

Aurreko bozetan hautagai izan zen Raila Odingaren NASA oposizioko alderdiak jakinarazi du Auzitegi Gorenaren erabakiak ez duela ezer aldatzen eta, hortaz, ez dutela Kenyatta presidentearen zilegitasuna aitortzen.