NAIZ

Hurbileko harremanetan ematen diren biolentziak ikustarazteko deia egin du Bilgune Feministak

Azaroaren 25ean, biolentzia matxistaren nazioarteko egunean, fokua «hurbileko harremanetan» jartzeko beharra nabarmendu du Bilgune Feministak. «Ikusten ez den biolentzia hori» argitara ateratzearen garrantzia azpimarratu dute ‘Erraiak azalara’ leloarekin. Era berean, «lehentasuna» prebentzioan indarrak jartzea dela iritzi du.

Biolentzia matxisten ‘erraiak azlaera’ ateratzeko beharra nabarmendu du Bilgune Feministak. (BILGUNE)
Biolentzia matxisten ‘erraiak azlaera’ ateratzeko beharra nabarmendu du Bilgune Feministak. (BILGUNE)

Bilgune Feministak ohar baten bitartez helarazi du azaroaren 25aren harira egin duen irakurketa. Bertan, «bikote harremanei, lagn inguruari, familiartekoei edo militantzia sareari» begiratzeko beharra nabarmendu du, fokua «hurbileko harreman» horietan jarriz.

«Gure inguruan ere entzun dugu ‘arroza pasako zaizue’, maizegi. Gu ere nagusiaren jarrerek estutasunean jarri gaituzte. Duela gutxi, pausua azkartu genuen etxerako bidean. Nahiz eta barrote artean eta herritik urruti gauden, hurbilegi sentitzen ditugu komisaldegian ireki ziguten zuari bakoitza. Guk ere jasan dugu ‘etxea garbitzen lagunduo dizut’ gure azalean. Guk ere izan genituen sexu-harremanak gau hartan nahi ez bagenuen ere, mutil-lagunaren insistentziak jota. Guk ere isilik egoteko hautua egin genuen bileran», adierazi dute.

Honen aurrean, «jendarearen erraietan dagoen matxismoa» azaleratu nahi dutela azpimarratu dute. Era berean, egin denean haien hitzak «zalantzan» jarri direla salatu dute. Hala ere, honen aurrean, eta indar handiz azken egunetan, zabaldu den ‘Nik sinesten dizut’ kanpainaren garrantzia ospatu dute, «gero eta aitortza herritar handiagoa daukagulako». Zentzu horretan, azken urteetan «urrats handiak» eman direla uste dute.

Baina «hurbileko bortizkeria» horiek oraindik era askotariko direla uste dute. «Ez da nahikoa muturreko egoeren aurrean pankartaren atzean jarri, hedabideen aurrean adierazpenak egin edota betearzleak ere ez diren estatu itunak idaztea». Aldiz, hitz horietatik ekintzetara pasatzeko beharra adierazi dute. «Azaleko keinuetatik harago joan behar dugu eta errotik heldu behar diogu indarkeria sexista ahalbidetzen duten egitura patriarkalei».

Horretarako «lehentasuna» prebentzioan indarrak jartzea dela iritzi dute. Eta lan hori «etxean» hasi behar dela ere. Peñan, konpartsan, elkartean, kuadrillan edo lagunaren bikote harremanetan. «Arazoa erraietan dugunean, ardura denona da. Konpromisoa kolektibizatu beharra dago eta bitarteko gehiago eskaini antolatutako mugimendu, eragile sozial, sindikatu edota alderdietatik».