NAIZ

175.000 euro bideratuko ditu Errigorak Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara

14.000 saski banatu ditu Errigorak azken kanpainaren bitartez eta 175.000 euro bideratuko ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Bostgarren urtez egin dute kanpaina eta dagoeneko 800.000 euro inguru bildu dituzte.

Udazkeneko kanpainak «emaitza bikainak» izan dituela jakinarazi du Errigorak. «Ekimena bera noraino sustraitu eta errotu den erakutsi digu eta kanpaina honetan ere milaka izan gara, urtero bezala, gabonak bueltan etxera iristen den saski eder honi tokia egin diogunok».

14.000 saski banatu dituzte eta 175.000 euro bildu. «Ehunka gara herriz herri Errigoraren sarea osatzen dugun boluntario nekaezinak», nabarmendu dute. Aurten, aurreko urteekin alderatuz, «gabonetako oparia opari bikoitz izatea erabaki duten enpresa txiki eta ertain berriak ere batu zaizkigu».

Herriz-herri ere ibili dira kanpaina honetan. Errentierian, Leitzan, Amurrion, Ziburun eta beste hamaika txokotan. «Euskal herrien artean zubiak eraikitzen, kalea irabazten, herrilana balorean jartzen».

Oraindik baina, lana dutela gogoratu dute: «Eskatutako saski guzti horiek Ablitasetik atera eta 14.000 etxetara iristeko badugu biderik aurretik. Saskiak banatu, saskiak jaso... Gozatu dezagun ba egindako herrilanaz. Goza ditzagun maitasun osoz ekoiztutako nafar produktuak. Eta goza dezagun euskaltzaleok euskaraz, 175.000€ horiek lagunduko dute horretan eta», gehitu dute.

2013an proiektuari ekin ziotenetik, 800.000 euro inguru bildu dituztela jakinarazi dute.