NAIZ
GASTEIZ

4.519 emakume izan dira 2017an indarkeria matxistaren biktima EAEn, Lakuaren arabera

Lakuako Segurtasun Sailak eman dituen datuen arabera, EAEn genero indarkeriaren biktima diren 4.519 emakumek daukate une honetan Ertzaintzaren nolabaiteko babesa, iaz 4.532 ziren bitartean.

Lakuak aipatu dituen segurtasun neurri aipagarrienen artean, 901 biktimak Bortxa telefonoa daramate, 52 emakumek bizkartzain pertsonala dute eta 22 kasutan eskumuturreko elektronikoa erabiltzen dute. Herrialdeka, genero indarkeriaren biktima diren 2.104 emakume daude Bizkaian, 1.045 Araban eta 1.370 Gipuzkoan.

Ertzaintzak 2000tik ditu araututa emakumeen aurkako tratu txarrei aurre hartzeko eta aurre egiteko jarduera prozedurak. Egungo protokoloak 2006an jarri ziren abian. Horien artean nabarmentzen da Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) batera prestaturiko arriskuak ebaluatzeko sistema. Europan aitzindaria da sistema hori, eta behin baino gehiagotan berrikusi da, azken aldiz 2013an.

Ertzaintzak kasu berri bat hautematen duen bakoitzean, informatikoki erregistratzen du genero indarkeriako espediente batean. Une horretatik aurrera, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari, esleitutako arrisku maila eta epaileak kasua ebatzi duen gorabehera.

Gaur egun, 4.519 emakume daude egoera horretan: 1.045 Araban, 2.104 Bizkaian eta 1.370 Gipuzkoan. Duela urtebete Araban 774 kasu zeuden, Bizkaian 2.134 eta Gipuzkoan 1.444; guztira, beraz, genero indarkeriaren 4.352 biktima zeuden.

Indarkeria matxistari lotutako espediente bakoitzak kasuaren historiala jasotzen du kronologikoki, besteak beste, elkarrizketak, salaketak, epailearen aginduak edo beste aplikazio informatiko batzuetako datuak.

Kasurik larrienetan epaitegietako tramiteak errazteko eta babes handiagoa ematera iristeko, tratu txarrak jasan dituen emakumeari epaitegira laguntzen diote agenteek lehenengo tramiteak egitera joaten denean. Bestalde, gizarte zerbitzuekin harremanetan egoteko bidea dago tratu txarrak izaten direnean seme-alaba adingabeei arreta emateko.

Lau arrisku maila

Lau arrisku maila zehazten ditu Segurtasun Sailak: oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia. Ebaluazioa jarraitua izaten da, eta, hori dela eta, alda daiteke, biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira.

Biktima guztiei ezartzen zaien lehenengo segurtasun neurria autobabeserako prestakuntza izaten da. Saio pertsonal batean bideo bat ikusten dute eta informazio liburuxka bat jasotzen dute. Lehenengo urrats horren ondoren, telefono bidez egiten da jarraipena aldian behin.

Bestalde, Bortxa tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei Ertzaintzak eskaintzen dien larrialdiko telefono zerbitzua da. Telefonoak lotura zuzena du larrialdi kasuetarako Ertzaintzaren koordinazio zentroarekin eta bere kasuaz arduratzen den ertzain etxearekin. Gainera, tratu txarren edo sexu erasoen biktima diren emakumeei laguntzeko egunean 24 ordutan erabilgarri dagoen Lakuaren 900 840 111 telefono zerbitzura berehala jotzeko aukera ematen du, eta, alarma aktibazioaren bidez, besteak beste, GPS lokalizazioa aktibatzen da. Une honetan 901 telefono daude martxan: 254 Araban, 356 Bizkaian eta 291 Gipuzkoan.

Neurrien katalogoan zainketa lanak ere sartzen dira, eta kasurik larrienetan bizkartzaina ere jartzen da. Une honetan 52 emakumek dute bizkartzain zerbitzua: zortzik Araban, 30ek Bizkaian eta 14k Gipuzkoan.

Kasu batzuetan, eta epailearen aginduz, erasotzaileari eskumuturreko elektroniko bat jartzen zaio urruntze agindua betetzen dela ziurtatzeko. Ertzaintzak kudeatzen ditu gailu horien alertak koordinazio zentroen bidez. Era horretako 22 eskumuturreko daude aktibatuta une honetan: 17 Bizkaian, bi Gipuzkoan eta hiru Araban.

Tratu txarrak jasan dituen emakumea babesteko beste disuasio neurri bat epaile batek emandako babes edo urruntze agindua da, eta une honetan 2.702 emakume daude egoera horretan: 1.271 Bizkaian, 393 Araban eta 1.038 Gipuzkoan.

Ertzaintzak arlo honetan egiten duen lanaren kalitatea kanpoko erakundeek ebaluatzen dute. Era berean, Ertzaintzak biktimei ere galdetzen die emandako arreta baloratu ahal izateko.

Lankidetza

Bestalde, Ertzaintzak lankidetza protokoloak ezarri ditu udalekin eta mankomunitateekin, eta lankidetza egonkorra du beste polizia kidego batzuekin informazioa trukatzeko. Lankidetza hori funtsezkoa da batik bat beren bizitokia behin behinean edo behin betiko lurralde batetik bestera aldatzen duten biktimen kasuetan.

Azkenik, Ertzaintzak etengabeko harremana du beste erakunde batzuekin, biktima diren emakumeei ematen zaien arreta hobetzeko erakundeen arteko akordioaren jarraipen batzordearen esparruan, eta etengabea da Eusko Jaurlaritzako sailen eta Emakunderen arteko harremana ere.