Gotzon ARANBURU
ZALDIBIA

Iztueta gogoan

Kulturgintza, euskalgintza. Herrigintza. Duela urte batzuk orain baino gehiago entzuten ziren hitzak dira. Gizarteko joerak aldatzen ari dira, eta horrek eragin zuzena du «egintza» hauetan guztietan. Baina oraindik ere herri mailako elkarlanean sinesten eta berau praktikatzen dutenak asko dira Euskal Herrian, eta Zaldibia izan daiteke eredugarri, zaldibiarrek bertako seme eta euskaltzale handi izandako Juan Ignazio Iztueta nola omentzen ari diren ikusita.

Juan Ignazio Iztuetaren gaztetako erretratua.
Juan Ignazio Iztuetaren gaztetako erretratua.

Ezaugarri azpimarragarri asko ditu Zaldibiako ekimenak. Bat, herritarren parte-hartze zuzena. Bi, kantuari eta dantzari emandako garrantzia. Hiru, historiaren barrunbeetan ahaztu samar dagoen Iztueta berriro ere argitara ateratzea.

Juan Ignazio Iztueta Etxeberria pertsonaia heterodoxoa izan zela esatea ez da gehiegizkoa. Poliedrikoa deitzerik ere badago. Baina herriak «saltsa guztietan sartzen zen gizona» izan zela esango luke. Duela 250 urte jaio zen Goierriko txoko honetan, Txindoki mendiaren magaletan, eta bertan eman zuen azken hatsa, 76 urte zituela. Oso garai nahasiak bizitzea egokitu zitzaion, eta egindako hautu politikoak ere ez zion asko lagundu bizitza errazten, liberala baitzen –baina foruzalea– ia erabat karlista zen ingurumarian. Gainera, hainbat salaketa medio, Inkisizioak begietan hartua zuen, eta kartzelan urteak egin zituen, lapurreta eta beste delitu are itsusiagoak leporatuta. 

Baina meritu izugarri bat dauka Iztuetak, Gerardo Elortza historiagile oñatiarrak azaldu digunez. 1824an euskal dantzak deskribatu zituen, zehatz mehatz, eta euskaraz gainera, ‘Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira’ liburuan. Bi hamarkada geroago, ordurako hila zela, bere ‘Gipuzkoako probintziaren kondaira’ argitaratu zen, hau ere euskaraz. Eta tartean, ‘Euskaldun antzina antzinako’ dantza eta soinuen liburua eman zuen argitara, 1826an hain zuzen ere. Denak ere, bistan denez, gai laikoak, laiko autodidakta batek emanak, noiz eta idazteko adina kultur maila zuten ia bakarrak apaizak zirenean. 

«Idazteak meritua badauka, zer esanik ez argitaratzeak. Ez zen erraza garai haietan, XIX. mendearen hasieran, eta Iztuetak bi liburu behintzat argitara ematea lortu zuen, beste lan batzuk publikatu gabe geratu baziren ere» dio Elortzak, Zaldibiako Karreane kultur etxean Iztuetari buruzko erakusketa muntatzen laguntzen duen bitartean. Herritar mordoa ari da lanean, liburuak mahaietan atontzen, koadroak horman zintzilikatzen, idazle eta dantzari izan zenaren zapatilak beirazko kaxa garden batean sartzen… Hilaren 29ra arte dago irekita erakusketa.

Inorentzat ere zaila bazen liburuak argitaratzea, are nekezagoa izango zen seguru asko Inkisizioaren atzaparretan egondako batentzat. Eta egona zen, bai horixe, gure Iztueta, gorroto bizia zion Joseph Echave herriko bikarioak salatuta. Lapurretan aritu izana leporatzen zion apaizak, eta baita moral gaietan eta erlijioari zegokionean oso «liberala» izatea ere. Alegia, emakume zalea bai baina eliza zalea ez zela Juan Ignazio, eta hori ez zion barkatzen gizartearen zati handi batek. Baina Echaveren gorrotoa erakarri ziona gertakari zehatz bat izango zen, ia seguru.

Garai gogorrak ziren haiek, gerrak medio. Konbentzio Gerrak eta Espainiako Independentzia Gerrak gosea ekarri zuten, batez ere hara eta hona zebiltzan soldaduek janariak eta abereak errekisatzen zituztelako pasatzen ziren herrietan. Udaleko agintariei eskatzen zieten, eta hauek herritar soilei. Bazen orduan usadioa –oraindik ere indarrean dago– hildakoen alde mezak ospatu zitezen dirua emateko. Bada Iztuetak, zinegotzi izanda horretarako boterea edukita, bikarioari «arimen kutxa» irekiarazi zion herritarren aurrean, han zenbat diru gordeta zeukan azaldu zedin. Ez zion barkatu, ez horixe. 

Ia zazpi urte eman zituen kartzelan Juan Ignaziok, 1801ean hasita, horietako batzuk Logroñoko Inkisizioaren espetxe sekretuetan, bere burua defendatzeko aukerarik gabe. Ordizia, Tolosa eta Azpeitiko kartzeletan eduki zuten, eta azken honetan ezagutu zuen bere bigarren emaztea izango zena, Kontxesi Bengoetxea. 1802an hila zitzaion aurreneko emaztea, Maria Joakina Linzuain urnietarra. ‘Contzeciri’ bertso famatuak orduan idatzi zituen Iztuetak, eta biak libre geratu zirenean elkarrekin ezkondu ziren. «Maite bat maitatzen det maitagarria, begui ederra du eta guztiz arguia» dio beste batzuen artean Antton Valverdek eta Imanol Larzabalek ezagun egin duten kantuak.

Kontu hauek eta askoz gehiago aipatzen eta dokumentatzen dira kultur etxean jarritako erakusketan. Baina, esan dugun moduan, zaldibiarrek ez dute kulturgintza erakusketetara mugatzen, kalera ere ateratzen dute. Hala, joan den larunbatean Iztuetaren testuen irakurketa ibiltaria egin zuten herrian barrena, baita lehengo eta oraingo dantzarien saioak ere eskaini ere. Egun batzuk lehenago, eta berriro ere euskalgintzan aritzea zer den erakutsiz, ‘Izan kantuz’ erronkari helduak ziren Zaldibian, eta baita World Record-a ezarri ere, 26 orduz etengabe euskal kantak abesten aritu ziren eta herriko antzokian.

Foruzalea

Jose Garmendia izan da Iztueta sakonen aztertu duten historiagileetako bat. Foruzale erabatekoa zela dio Garmendiak, eta bestelako jarrera politikoetan jakaz aise aldatzen bazuen ere, Foruen defentsan ez zuela inoiz atzerapausorik egin. Independentzia Gerran «frantsesen aldekoa» izatea leporatu zioten Iztuetari –Garmendiak dio Azpeitian frantsestu zela– eta egia da Ipar Euskal Herrira ihes eginda egon zela. Kontuak kontu, berriro ere kartzelatu egin zuten, oraingoan zortzi hilabetez.

Kontxesi emaztea ere hil zitzaion Iztuetari, eta berriro ezkondu zen urte batzuk geroago, 1828an, Maria Aszension Urruzola zizurkildarrarekin: 60 urte zituen Iztuetak eta 20 emakumeak. Ordurako argitara emana zuen bere obra garrantzitsuena, ‘Guipuzcoaco Dantza gogoangarrien condaira edo historia’, zeinak azpititulu esanguratsu hau zeukan: «Beren soñu zar eta itz neurtu edo Bersoakin. Baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac ere. Obra balio andicoa eta chit premiazcoa, Guipuzcoatarren jostaldia gaitzic gabecoaquin, lendabicico etorqui Españar argui eta garbi aien oitura maitagarrien gordacaiatceco».

Lehen mailako aditua dantzan

Tere Irastortza idazlea, zaldibiarra hau ere, etengabe lanean ari da egunotan Iztuetaren figura eta lana ezagutarazteko, beste hainbat herritarrekin elkarlanean. Ezagunak ditu Juan Ignazioren bizitzako alde argiak eta ilunak, baina oraindik ere ikertzeko asko dagoela uste du, dantzari eta idazle honi buruz pulamentuzko iritzia eman ahal izateko. Baina dantzei dagokionez, hor ez dago orbanik, hor lehen mailako aditu eta are «militante» azaltzen zaigu Iztueta, Irastortzaren aburuz.

«Kontuan izan 1750 urtean Gaspar Mirandak, Iruñeko gotzainak, dantzan egitea debekatu zuela elizbarruti osoan, ediktu zorrotz baten bidez, bekaturako bide zela eta. Geroago, Manuel Larramendi jesuitak euskal dantzak defendatu zituen, eta Iztuetak ere korronte horrekin egin zuen bat. Bera dantzaria izan zen, dantzak irakatsi zituen eta jaso egin zituen liburuan. Horregatik ez balitz, ia ziur gaur egun hain ezagunak zaizkigun hainbat dantza galduta egongo ziren. Hori bai, gizonen dantzak bakarrik jaso zituen, nahiz eta Joxemiel Bidador zenaren lanari esker badakigun Euskal Herrian emakumeak izan direla dantza gehien egin dutenak» diosku Terek. Edozein kasutan, jakina da Iztuetak baimena eman ziola bere alabari jendaurrean dantza egin zezan.

Iztueta, Olano, Pujana

Gainera, dantza zaharrak, bertakoak, defendatu zituen sutsuki Iztuetak, Europatik zetozen joera berrien aurka, hau da, kontradantzen aurka, minueta esaterako. Jakina denez, gero dantza moderno hauek eta bertakoak fusionatu egin ziren hainbat kasutan. Edozein kasutan, dantzak idatziz deskribatzeaz gain, irakatsi ere egin zituen praktikan. Jose Antonio Olanok jarraitu zion Iztuetaren lanari, eta Jose Lorenzo Pujanak Olanorenari. Hiru izen hauek berebiziko garrantzia dute euskal dantzen historian.

Zaldibiako Udala hasiera hasieratik egon da prest herritarren ekimenari babesa emateko. Beharrezko laguntza materiala eman du eta harremanak erraztu, esate baterako Euskal Herriko Dantzarien Biltzarrarekin, elkarte honek ere parte-hartze zuzena izan baitu Zaldibiako egitaraua prestatzerakoan. Sare herritar horretan «harrapatutako» beste bat Jose Inazio Ansorena izan da. Bera izan da egitarauko lehenengo hitzaldia eskaini duena.

Zaldibiako ekimen honen atzean, hasieran aipatu dugun moduan, euskal kulturaren transmisioaren kezka dago azken batean. Tere Irastortzak garbi dauka «euskaraz irakatsi bai, baina Euskal Herriko historia, literatura eta kultura apenas erakusten zaie nerabeei eskoletan. Hor arazo handi bat daukagu. EAEko curriculumaren %55 geuk garatzerik bageneukan, baina ez dut uste %25 ere garatuko genuenik. Selektibitatea gainditzea da helburua, eta baztertuta geratu dira geure historia eta kultura eskoletan».

Horixe ezingo zaie ba leporatu zaldibiarrei, euskal kultura baztertu izana. Dagoeneko burututako ekintzez gain, hilaren 23an Gerardo Elortzaren hitzaldia izango da, eta azaroaren 26an dantza eta txistu erakustaldi handia, Gipuzkoako hainbat dantza talderen parte-hartzearekin. Hilaren 19an Gipuzkoa osora hedatuko dira omenezko dantza saioak. Eta egun horretxera arte egongo da irekita kultur etxeko erakusketa: zorrotz begiratzen duenak aurkituko du hementxe, beirazko kutxaren barruan, Zaldibian beste inon topatuko ez duen oihal bitxi askoa. Kolore horia eta gorria dauzka…