NAIZ
DONOSTIA

Donostia Galdeketa plataforma aurkeztu dute, 2018an estatusaren inguruko galdeketa egin asmoz

Donostia Galdeketa plataforma aurkeztu dute, gipuzkoar hiriburuan 2018ko udazkenean erabakitzeko eskubidearen inguruan galdeketa bat bultzatu asmoz. Aurretik, 8.000 sinadura biltzeko kanpaina bat abiatuko dute.

Donostia Galdeketa plataforma aurkeztu dute. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Donostia Galdeketa plataforma aurkeztu dute. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Donostiako Gure Esku Dago taldeak Donostia Galdeketa plataforma aurkeztu du. Honen bitartez, 2018ko udazkenerako erabakitzeko eskubidearen inguruko galdeketa bat hauspotzea du helburu. Jose Luis Segurola bozeramaileak gipuzkoar hiriburuko udaletxean eskainitako prentsaurrekoan gogora ekarrii duenez, azken lau urteetan lan egin dute norabide honetan.

«Antolaketa politikoaren modeloaren inguruan erabakitzeko eskubidearen alde» jardungo dutela azpimarratu du. «Edukiz bete nahi dugu erabakitzeko eskubidea, hiri honetako hiritar guztiei ahotsa emango dien ezaugarri moduan eta islatzen duen aniztasuna bezala». Erabakitzeko eskubidearen baitan «gizartea elkartzeko punto bat» sortu nahi dutela nabarmendu dute eta, honen bitartez, «norberaren nahiei bide eman eta kontuan hartzea ahalbidetuz».

Hau dela-eta, Donostia Galdeketa plataformako kideek «galdeketa bat egiteko tramiteen hasiera» bultzatzeko nahia iragarri dute. Galdeketa hau 2018ko udazkenean eginen litzateke. Aurretik, dena den, kanpaina bat abiatuko dute eta 8.000 sinadura biltzea espero dute, kontsulten inguruan Donostiako legediak eskatzen dituena baino 5.000 gehiago.

Azaldu dutenez, ekimen honek EAJ, EH Bildu, Podemos eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuen babesa dauka, baita kultura eta kirolaren munduko hainbat donostiarrena ere. 

2018ko udazkenean galdeketa egingo balu, Euskal Herriko lehen hiriburua litzateke, Gasteizek datorren urtean ez egitea erabaki ostean.