@Ion_Salgado
GASTEIZ

Araba Euskaraz 2018, Trebiñun euskaraz bizitzeko «Irrikitan» dagoen ikastolaren jaia

Argantzun Ikastolak antolatuko du datorren urteko Araba Euskaraz. Lortuko duten diruarekin Lehen Hezkuntzako eraikina ordaindu nahi dute. Erakin hau Trebiñuko lurraldetik kanpo kokatuko dute. «Argantzun Ikastolak, mugaz gaindituz, bi herritan banaturik izango du bere aktibitatea, Argantzunen eta Sagastietan».

Gasteizen aurkeztu dute datorren urteko Araba Euskaraz. (NAIZ)
Gasteizen aurkeztu dute datorren urteko Araba Euskaraz. (NAIZ)

Argantzun Ikastolak antolatuko du datorren urteko Araba Euskaraz, «Irrikitan» lelopean. «Lehen Hezkuntza martxan jartzeko irrikitan gaudelako, Trebiñu Araba ofizialean sartzeko irrikitan, euskaraz bizitzeko irrikitan, umeek ikasten jarraitzeko irrikitan, euskaraz bultzatzeko irrikitan, oztopoak gainditzeko irrikitan, herriaren parte izanen jarraitzeko irrikitan», azaldu dute Ekaitz Lotina eta Saioa Urizar Argantzun Ikastolako kideek eta Xabier Arrieta EHIko Arabako ordezkariak.

Gasteizen burututako prentsaurrekoan gogoratu dutenez, 2003an sortu zen Argantzun Ikastola. «Ez da ibilbide erreza izan, eta oraindik ere, ikastolaren egunerokoa lasai izatetik oso urruti dago. Hamalau urte hauetan gure ikastola erreferentzia bilakatu da inguruko herrietako familia euskaltzaleentzat. Ikasle kopuruarekin arazorik izan ez badugu ere, ofizialki Burgosen kokaturik dagoen lurraldean egoteak zailtasun handiak suposatu ditu, mota guztietako baliabideen aldetik. Hala ere, irakasle, familia eta EHIren inplikazioari esker, proiektuarekin aurrera egitea lortu dugu», diote.

«Eta puntu honetara heldurik, urteetan familia askoren eskaera izan den ikastola handitzeari heldu gatzaizkio», gaineratu dute, «Haur Hezkuntza eskaintzen duen ikastola izatetik, Lehen Hezkuntza ere eskaintzeko salto egiten gabiltza». «Baina aurretik deskribatutako errealitate gordin honen froga, handitzen jarraitzeko, geure burua ikastolako LHko haurrak hartuko dituen eraikina Trebiñuko lurraldetik kanpo kokatzera beharturik ikusi izana da», deitoratu dute. Hala, etorkizunean ikastolak, mugaz gaindituz, bi herritan banaturik izango du bere aktibitatea, Argantzunen eta Sagastietan.

Hain zuzen ere, 2018ko edizioan lortuko duten dirua Lehen Hezkuntzako eraikina ordaintzen laguntzera bideratuko da. Dena den, ekainaren 17an ospatuko duten jaia «ospakizun eguna izateaz gain, aldarrikapen eguna izatea dadin nahi dugu. Aldarrikapen bikoitza. Alde batetik, euskara eta euskaltzaleen eskubideak errespeta daitezen nahi dugu eta, bestetik, gure egunerokotasunean modu lazgarrian eragiten digun Trebiñuko konderriaren aferaren konponbidearen aldako aldarria plazaratu nahi dugu», azpimarratu dute.