NAIZ
IRUÑEA

Nafarren eskubideen berdintasuna aldarrikatuko dute zerrenda bakarraren aldeko manifestazioan

‘Bide eman euskarari, berdintasunaren alde!’ izango da hilaren 16an Iruñean, Kontseiluak deituta, hezkuntzako lan deialdietan zerrenda bakarra erabiltzearen alde egingo den manifestazioaren leloa. Nafarren eskubideen berdintasunaren aldeko mobilizazioan, «hainbat eragile sustatzen ari diren jarrera antisozialak» ere salatuko dituzte.

Zerrenda bakarraren alde hilaren 16an egitekoa den manifestaziorako deia egin du Kontseiluak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Zerrenda bakarraren alde hilaren 16an egitekoa den manifestaziorako deia egin du Kontseiluak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Kontseiluko bazkideen ordezkariekin batera agerraldia egin du Paul Bilbaok, idazkari nagusiak, bereziki zerrenda bakarraren aferak bultzatuta abenduaren 16rako urgentziaz deitu duten manifestazioa aurkezteko.

Autobus geltoki zaharretik abiatuko da mobilizazioa, eguerdian, ‘Bide eman euskarari, berdintasunaren alde!’ lemapean. Bilbaok esan duenez, «gizarte nafarraren kohesioaren eta normalizazioaren alde, nafarren eskubideen berdintasunaren alde» egingo da manifestazioa.

Izan ere, Kontseiluaren aburuz, hezkuntzako lan deialdietan zerrenda bakarrra erabiltzeko Nafarroako Gobernuak hartu duen erabakia «ausarta ez ezik, egokia ere izan da». «Euskaldunok behar dugun aldaketaren erakusgarri da, zalantzarik gabe, euskaldunak zokoratu eta diskriminatu dituen araudia baliogabetzea», azpimarratu du Bilbaok.

Gobernuaren erabaki horren aurka, PSNk lege bat proposatu du, Exekutiboa babesten duen Izquierda-Ezkerraren laguntzaz. Legealdi hasieratik, gogoratu dute, Kontseiluak kezka adierazi zuen, laukoan ez zegoelako adostasunik «euskarak eta euskaldunok behar ditugun aldaketak gauzatu daitezen».

Bide horretan, azken egunotan jazotakoaren harira, Bilbaok argi esan du «zerrenda bakarraren aurka eginez, gizarte kohesioaren eta justizia sozialaren aurka» ari direla. Gaineratu duenez, «lanerako eskubidea zalantzan jartzen ari dira, euskara ez jakiteko pribilegioari eutsi nahian, eta euskara jakitea zigortzen ari dira. Alde orotatik da antisoziala»-

Horregatik, Kontseilutik euskaltzaleei dei egin diete «Gobernuaren erabaki aurreragarri» hau babes dezaten, «euskararen mesederako izateaz gain, gizartearen normalizazioaren onerako baita». «Konplizitateak eraiki behar ditugu euskaraz bizi nahi dugunon artean, eta euskaldunon eskubideen aurka ari direnen jarrera baldintzatzea lortu behar dugu, kaletik», esan dute.