Ireki ditu ateak Durangoko Azokak

Durangoko Azokak bere 52. edizioaren ateak ireki ditu, Martxel Rodriguezen dantza baten bitartez. Egun hauetan 240 stand, 400 nobedade eta 200 ekitalditik gora aurkituko ditugu,

NAIZ|Durango|2017/12/06 10:55|0 iruzkin
Loading player...

Azokak 240 stand, 400 nobedade eta 200 ekitalditik gora izango ditu kulturzale eta euskaltzaleentzat. Landako Gunearen ohiko ordutegia, urtero legez, 10:30etik 20:00ak arte izango da

10.20ean zabaldu ditu ateak euskal kulturaren hitzordu nagusiak, baina inaugurazio ekitaldia 12:00etan izango da. Yolanda Arrieta idazleak eta L'Atelier dantza eskolak elkarlanean ‘Hasieraren hazia’ lana eskainiko dute. Horrez gain, Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak, Durangoko alkate Aitziber Irigorasek, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak eta Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak parte hartuko dute ekitaldian, besteak beste.

Egunean zehar ekitaldi ugari egongo dira gune guztietan. Irudienea ikus-entzunezkoen plazan, 11:00etan, Jose Antonio Sistiaga aurtengo kartelaren egileak bere bi lan aurkeztuko ditu (‘Impresiones en la alta atmosfera’ eta ‘Paisaje Inquietante-Nocturno’), eta 13:00ean, ‘Estitxu’ dokumentala proiektatuko da.

Musika etengabe Ahotsnean

Areto Nagusian hainbat aurkezpen egingo dira. Horrela, 16:30ean, adibidez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 30 urteko ibilbidearen inguruko solasaldia egingo dute. Kabi@n, goiz eta arratsaldez bideo jokoak eta euskara uztartzen dituen ‘Gamer Gela’ hitzaldi multzoa egongo da, eta Saguganbaran, kantu jolasak, ipuin kontaketak eta aurkezpenak egingo dira; adibidez, 18:00etan, Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak ‘Mokotxiki’ aurkeztuko dute.

Halaber, Ahotsenean maratoiari hasiera emango diote gaur, eta zuzenekoen karpan, 11:00etatik 20:00ak arte, Rafa Rueda, Perlata, Beñat Igerabide edo Maider Zabalegi izango dira, besteak beste. Gainera, solasaldietan, Miren Gaztañaga, Yogurinha Borova, Fito Rodriguez, Silvia Federici edota Jule Goikoetxea izango dira, besteak beste.

Szenatokian emanaldi berezia izango dute 18:00etatik aurrera: Lauaxeta eta Lorcaren istorioak hizpide dituen ‘Ele!’ antzezlana. Sarrerak 10 euroan eskura daitezke. Azkenik, gaua Plateruena Kafe Antzokian amaituko da, Governors taldearekin, 22:30ean. Arrasatearrek ‘Zero’ lan berria aurkeztuko dute.

Jarriapena, NAIZ eta GARAren bitartez

Datozen egunetarako, Durangoko Azokaren ikuspuntu poliedrikoa bideratuko duten hamaika proposamen. Eta gertatzen denaren aukeraketa bat NAIZen eta GARAko egunkarietan irakurri ahal izango da egunero. Eguneroko giroari keinu egingo dioten orrialdeez gain, Azokak berak antolatzen duen Gogoetaren Plazara sortzaile eta eragileek eramaten dituzten gogoetak bilduko dituzte Kultura saileko kazetariek. GARAk ere hausnarketa propioa egingo du diziplina desberdinetako sortzaileen ekarpena oinarri hartuta. ‘Sormenaren ezkutukoak’ saila sormen prozesuaz harago joango da, eta artista bakoitzaren sentimendu eta bizipen pertsonalak batuko ditu.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK