Kronika
Durangoko Azoka 2017
Zaletuen eta sortzaileen arteko zubiak

Garrantzitsua da Durangoko Azoka sortzaileentzat. Baina ez salmentara begira soilik. Zaleekin harremantzeko, iritziak trukatzeko, haien beroa sumatzeko gune ere bilakatzen da Landako egunotan.

Amalur ARTOLA|DURANGO|2017/12/06 17:30|0 iruzkin
Durango
Jende andana gerturatu da Landako gunera, Azokaren irekiera egunean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Azokak iteak ireki orduko han zen Tasio Erkizia. Goiztiar, Txalapartaren standean ‘Bizipenak eta hausnarketak’ sinatzen topatu dugu. Hausnarketak, gaurkoan, euskal kultuari begira egin ditu: «Euskarak eta euskal kulturak beharrezkoak ditu Durango bezalako arnasguneak. Euskal kultura arrotza da gure herrian bertan eta esfortzu handia egin behar dugu, mundializazio garai honetan, gure sustraiei eusteko. Eta, horretarako, hau bezalako espazioak ezinbestekoak dira», esan du.

Sustrai horietatik abiatuta eraiki dute egunotan Landakon bilduko diren sortzaileek euren obra. Iker Lauroba eta Izarok, esaterako, apostua egin eta elkarrekin jarri dute standa. «Goiza ondo hasi da, jendea ari da hurbiltzen eta lotsak baztertzen, eta hori eskertzekoa da», azaldu du Izarok, eta pozik agertu da sare sozialetan dituzten jarraitzaileetariko batzuek bisita egingo dietela iragarri dietelako. «Horrek ilusio berezia egiten dit, aurrez-aurre ezagutu ahalko ditudalako».

Disko artean topatu dugu Jabier Muguruza ere. Gustura, urtero bisitan joaten zaion bikoteak Atxagarekin batera argitaratu zuen diskoa oso gogoko izan zutela ziurtatu diolako. «Benetan balio duena jarraitzen zaituen jende horrekin hitz egin ahal izatea da. Hori da niretzat garrantzitsuena. Gero, salmentak daude. Dendetan gutxi saltzen da, Azokan eta kontzertuetan gehiago. Horregatik ere Durango garrantzitsua da guretzat, batez ere txikiak garenontzat», azaldu du.

Iñigito Txapelpunk ere gustura agertu da bisitarien harrerarekin: «Iritsi naiz, aparkatzea ikaragarri kosta zait eta hau topera dagoela ikusi dut. Jendea animatua dabil, diskoak eta liburuak erosten, eta gainera eguzkia atera da. Zer gehiago eska daiteke?».

Jendearen berotasun hori da Rafa Ruedarentzat ere garrantzizkoena. «Jendearekin egotea, diskoak sinatzea… garrantzitsua da, egiten dugun lana jendearengana iristeko egiten dugulako». Eta barruan daraman nahia ere agertu digu: «Nik benetan nahiko nukeena Durangon lauzpabost egun hauetan dagoen izpiritu hau urte osora hedatzea da».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK