Reau-tik Fleuryra, Paris inguruko espetxeetako martxaren lehen urratsa

Reau-ko espetxean parlamentariek EPPKko ordezkariekin izandako bilkuraren ostean abiatu da gaur, bihar eta etzi Paris inguruko espetxeetan barrena joango den martxa. Espetxe honetan diren Marixol Iparragirre eta Mikel Albisuren esker mezua jasota abiatu da martxa ‘Kalera kalera...’ kantuan.

@iontelleria|REAU|2017/12/07 08:53
Reau
Reauko espetxearen atarian, martxa hasi aurretik, argazkia. (@iontelleria)

Abian da gaur, bihar eta etzi Reau, Fleury-Merogis eta Fresnes espetxeetatik igaroko den martxa. Azken hiru asteetan Frantziako Estatua alderik alde zeharkatu duen espetxe biraren lekukoa hartuta abiatu da Reauko espetxetik bakegileen ibilbidea.

Lehen geldialdian gertakari garrantzitsu bat abiapuntu, parlamentariek osatutako delegazio batek interlokuzio zuzena abiatu baitu bertan EPPKren ordezkariekin. 8.30ak inguruan iritsi dira Reauko espetxera Vincent Bru diputatua, Max Brisson senataria eta Jose Bove eurodiputatua. Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu EPPKko mintzaideekin bildu dira, espetxe atarian bertako zuzendariak harrera egin ostean. Bilkuraren ostean irribarrez eta honen emaitzarekin pozik irten dira hirurak, eta bi mezu eskuan: bata, EPPKren mezu berri bat bake bideak aurrera jarrai dezan urratsak emateko prestutasuna adieraziz; bestea martxan ziren herritarrei begirakoa, esker ona eta animoak helaraziz.

Mezua ekarri duten diputatuekin batera ziren, besteak beste, Txetx Etxeberri bakegilea, Gabi Mouesca preso ohia eta Anaiz Funosas Bake Bideako kidea. Espetxez espetxeko martxan parte hartuko dutenak ekarri dituzten autobusetan ziren LABeko hainbat ordezkari, Eñaut Aramendi, adibidez; hautetsiak, Iker Elizalde Hendaiako zinegotzia; gazte antolakundeetako ordezkariak, Aitzinako Aitor Servier, Ernaiko Lur Albizu eta dozenaka herritar.

Hotz nabarmena eta euri tanta batzuk ere izan dira abiatze honetan, 11.30ak pasata ekin diote bakegileen txaleko horiak jantzita martxako kideek bideari. Buruan pankarta, frantsesez, «Bakea Euskal Herrian. Orain presoak. Abenduak 9», parte hartzaileen artean larunbateko manifestaziorako deia eta baita Ibon Iparragirre larriki gaixo den preso ondarroarraren askatasunaren aldeko pegatak ere.

Espetxea atzean utzi eta Reau-ko herrigunera abiatu da martxa; bidean ziren autoetako gidariei, tren geltokitik sartu-irtenean ziren bidaiariei eta kalean gurutzatutakoei esku orriak banatuz.

Segurtasun arrazoiak tarteko martxaren zati bat autobusean egin ostean Grigny inguruan egin du geldialdia martxak eta 15.00ak pasatxo iritsi da Fleury-Merogis-eko espetxera. Bengalak eskuan eta presoen kaleratzearen aldeko oihuekin igaro da martxa espetxeko sarreretatik buruan zen furgonetan Anje Duhalderen ‘Amnistiaren dema’ entzuten zelarik. 

Horraino gaurko etapa. Ostiral goizean bertatik ekin dio martxak hurrengo etapari, Fleury eta Fresnes lotuko dituzte oraingoan. Martxaren amaiera larunbatean izango da, Parisen deitu den mobilizazio handiarekin bat eginez.

Espetxe bira Frantziako Estatuan barna

Azken egun hauetan Frantziako Estatua alderik alde zeharkatu duen espetxe biraren lekukoa hartuko du gaur Paris inguruko kartzelak zeharkatuko dituen martxak. Azken hiru asteotan espetxeetako zuzendariekin, hauek dauden hirietako hautetsiekin eta kartzela eremuko administrazioko ordezkariakin bildu dira birako ordezkariak. (MAPA: Espetxe bira etapaz etapa)

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK