NAIZ
VALENTZIA

Arnasa ematen dion garaipena eskuratu du Athleticek Levanteren aurka (1-2)

Bi aldiz jarri da aurretik markagailuan talde zuri-gorria Ciutat de Valenciatik hiru puntuekin itzultzeko. Joan-etorriko jokoan asmatu du Athleticek aurrera begira arnasa emango dion garaipena lortzeko. [Neurketaren xehetasunak]

Bikain hasi da neurketa Athleticentzat Ciudad de Valencian. Hirugarren minutuan De Marcosi egin penaltia sareetara bidali du Adurizek eta horrek lasaitasuna eman dio taldeari. Garaipena, baina, ez da hasieran uste bezain erraza suertatu.

Markagailuan atzetik, Levantek hartu du jokoaren ardura. Lotu ditu iritsierak Kepa Arrizabalagaren ate ingurura, baina kontraerasoan jokatuta mina egiteko abagunea izan dute bisitariek. Hala, bigarrena egiteko aukera ona izan du De Marcosek 23. minutuan, baina Athleticeko atezainaren geldiketa bikain batekin amaitu da lehen zatia.

Bigarrena lehenengoa amaitu bidetik hasi da. Erabat jo du erasora Levantek, eta sufritzeko minutuak bizi izan ditu Athleticek. Morales eta Chemak aukera izan dute banakoa egiteko, eta hau 71. minutuan iritsi da; Laportek bere atean sartu du.

Ongi erreakzionatu dute lehoiek eta 73. minutuan aukera bikoitza izan dute, Ricok baloia zutoinera bidaliz. Joan-etorri zoroan zen neurketa, arriskutsu ari ziren gerturatzen bi taldeak aurkariaren atera, eta zuri-gorriek asmatu dute: Postigak bere atean sartu eta 1-2 jarri dira aurretik.

Amaiera bitarte Athletic bera izan da gol aukera gehiago sortu dituena, Williamsen bidez batez ere. Amaieran, aurrera begira arnasa emango dion garaipena lortu dute bisitariek. Datorren asteburuan Realaren aurka neurtuko ditu indarrak Athleticek.