NAIZ
IRUÑEA

«Literaturgile onenak ere ez luke jakingo taberna bateko liskar bat terrorismo bihurtzen»

Altsasuko hiru gaztek urtebete baino gehiago daramate espetxean, herriko ferietan taberna batean bi guardia zibilekin izandako liskarraren harira. Apirilean egitekoa zaien epaiketan, 375 urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak zortzi auzipetuentzako. Auziaz beraz, espetxeko bizitzaz eta jasotako elkartasunaz mintzatu da Topaturekin Adur Ramirez de Alda gaztea, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno bezala preso dagoena.

Altsasuko gazteen aldeko manifestazioa, erdian Adur Ramirez de Aldaren irudia dagoela. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Altsasuko gazteen aldeko manifestazioa, erdian Adur Ramirez de Aldaren irudia dagoela. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Azaroaren amaieran jakinarazi zuten Altsasuko gazteen aurkako epaiketa apirilaren 16tik 27ra egingo dela, Auzitegi Nazional espainiarrean. Zortzi auzipeturentzat 375 urteko espetxe zigorra eskatzen du guztira Fiskaltzak: 62,5 urte eta erdikoa bati, 50na urtekoa beste seirentzat, eta 12,5 urtekoa zortzigarrenarentzat.

Gazteetako hiruk urtebete baino gehiago daramate espetxean. Zehazki, Oihan Arnanz, Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda dira oraindik preso daudenak. Azken honek idatziz erantzun die, Aranjuezeko espetxetik, Topatu gazte proiektu komunikatiboaren galderei.

Bertan, azaltzen du epaiketa iristeko «irrikaz» daudela, «behingoz defendatzeko aukera izateko».

Nabarmentzen duenez, «ezin dugu ahaztu bertsio bakar batean oinarritutako deklarazioengatik solik gaudela espetxean. Erokeria da, ez zaigu eman defendatzeko inolako bermerik, ez zaigu errespetatu gure errugabetasun presuntzioa, ez ezer».

Zigor Kode espainiarraren azken erreformaren ondoren «‘terrorista’ edonor izan daiteke», esaten du gazteak, horretarako baldintzak «oso malgu eta anbiguoak» direlako, baina beraien kasuan baldintza horiek «inondik inora» betetzen ez direla aitortzen du: «literaturgile onenak ere ez luke jakingo taberna bateko liskar bat ‘terrorismo’ bihurtzen».

Auziaz beraz mintzatzeaz gain, espetxeko bizimoduaz ere mintzatzen da Adur Ramirez de Alda. «Urte osoa kontuan hartzen badut eta espetxe aldaketa kontuan hartuta, sei modulutan eta isolamenduan egon naiz», azaltzen du, eta gogoratu, gainera, Sotorako elkartasun martxa batera joandakoei zeldako leihotik eskerrak emategatik bakartu zutela.

Era berean, FIES neurri berezia ezartzen zaiela azaltzen du: «Hau suposatzen dapreso arriskutsuei ezartzen zaiela edota talde armatuetako jendeari, beraz, beste behin gure kasuan ulertezina da hau». Neurri horren ondorioz, kontrola zorrotzagoa da, astean soilik bi eskutitz eta zortzi dei egin baititzakete, hori dena interbeniturik dagoela, baita asteburuetako bisitak ere.

Azkenik, jasotako elkartasuna «izugarria» izan dela dio eta horrek «sekulako indarra» ematen diela

«Niri pertsonalki Altsasuk herri bezala egin duen piñak egin dit ilusio gehien: herri gisa eraso egin diote eta herri gisa erantzuten jakin du».