NAIZ
BILBO

Leioako campusean hutsik zegoen Gurutze Gorriaren eraikina okupatu dute ikasleek

«Proiektu propioak garatzen hasteko» premiari erantzunez, Gurutze Gorriak Leioako campusean erabiltzen zuen eraikina, egun hutsik dagoena, okupatu egin du ikasle mugimenduak, aurretik ere hainbat saiakera egin ondoren. Ertzaintza bertan da eta hainbat lagun identifikatu ditu.

Ikasturtea hasi zenetik behin baino gehiagotan saiatu dira ikasleak Gurutze Gorriak EHUren Leioako campusean erabiltzen zuen eraikina okupatzen. Egun hutsik dagoenez, «proiektu propioak garatzen hasteko» leku «ideala» izan zitekeela pentsatu zutela adierazi dute, ohar bidez, ikasleek eta, horregatik, hura okupatu, «txundu eta erabilera ematen hasteko neurriak» hartzea erabaki zuten.

«Gure apustua jabetza kolektiboaren aldekoa da, hots, desjabetuak garenon artean gure beharrak asetzeko elkartasunaren aldekoa. Lokal honek eskainiko dituen baliabideak ikasleriaren eta orokorrean, hauen beharra duten langileriaren sektoreen zerbitzura jarriko ditugu», azaldu dute.

Gaur eguerdian saiakera berri bat egin dute. Talde bat eraikin barrura sartu da eta beste zenbait kanpoaldean geratu dira. Ikasleriari babesa ematen joateko deia egin diote.

Ertzaintza bertaratu egin da eta, ikasle mugimenduak jakinarazi duenez, hiru lagun identifikatu dituzte eta haietako «bati mugikorra kendu» diotela gaineratu dute. Beste bat, motxila ireki zezan «erretenitu» egin dutela salatu dute.

EHUk baimenik eman ez dien arren, lotarako behar zituzten gauzak sartu dituzte ikasleek, tartean lo zakuak, eta bertan pasako dute gaua.