NAIZ
BILBO

Everest neguan eta oxigenorik gabe igotzea xede, datorren astean abiatuko da Alex Txikon

Alex Txikon mendizaleak iragarri du datorren astean abiatuko dela Everestera bidean, gailurrera neguan eta oxigenorik gabe igotzen saiatzeko. Inork lortu gabeko erronka da oraindik eta lemoaztarrak berak ez zuen helburua lortzerik izan urte hasieran egindako ekinaldian.

Alex Txikon, urte hasieran Everestera egindako espedizioan. (@AlexTxikon)
Alex Txikon, urte hasieran Everestera egindako espedizioan. (@AlexTxikon)

Espedizioaren aurkezpen ofiziala datorren astean egitekoa duten arren, Txikonek berak Bilbon eman duen konferentzia batean iragarri du saiakera berri bat egingo duela.

Urte hasieran egindako espedizioa martxoan bertan behera utzi behar izan zuen Txikonek (Lemoa, Bizkaia, 1981) munduko gailurrik altuena (8.848 metro) neguan eta oxigenorik gabe igotzeko ahalegina. 82 egun eman zituen Euskal Herritik kanpo, horietako 31 altueran, eta laugarren kanpalekuan, 8.000 metro ingurura, eman behar izan zuen buelta, baldintza meteorologiko gogorrak zirela-eta.

Denbora horretan zero azpiko 60 graduko sentsazio termikoa izatera iritsi ziren, eta 100 kilometro orduko abiadura zuten haizeteak ere gainditu behar izan zituzten.

«Etxera bizirik itzuli izana arrakasta da niretzat», esan zuen Loiuko aireportuan harrera egin ziotenean, baina espedizioa bukatu orduko zabalik utzi zuen saiakera berri bat egiteko aukera. 

2016ko otsailean, mugarria jarri zuen lemoaztarrak, Simone Moro italiarrarekin eta Ali Sadpara pakistandarrarekin batera Nanga Parbat (8.126 metro) neguan igotzen lehena izan baitzen. Tamara Lungfer italiarra gailurretik metro gutxira geratu zen orduan.