NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko autobus elektriko adimenduna 2018ko hasieran lizitatuko da

Gasteizko autobus elektriko adimenduna 2018. urtearen hasieran lizitatuko dela jakinarazi du Arantxa Tapia Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. Proiektuak 42,8 milioi euroko aurrekontua du eta Lakuak %65 jarriko du, gainontzekoa Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak, erdi bana.

100% elektrikoak izango diren hamahiru autobus ibiliko dira Gasteizen. (IREKIA)
100% elektrikoak izango diren hamahiru autobus ibiliko dira Gasteizen. (IREKIA)

Arantxa Tapia konomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak agerraldia egin dute, Gasteizko autobus elektriko adimendunaren proiektuaren xehetasunak emateko. Euskal Trenbide Sareko (ETS) Cristina Lopez ere, egitasmoaren zuzendaria, bertan izan da.

Azaldu dutenez, Gasteizko garraio publikoa «iraunkorragoa eta lehiakorragoa» egiteko asmoz antolatu den autobus elektriko adimendunaren proiektua dagoeneko osatua dago.

42.850.000 euroko oinarrizko aurrekontua du, eta finantzaketarako hitzarmena berehala berretsiko da. Finantzaketaren banaketari dagokionez, tranbiaren eraikuntzarako aurrera eramandako eredu bera jarraituko da: Lakuako Gobernuak %65 jarriko du, eta Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak, %17,5 bakoitzak.

ETS erakunde publikoak gauzatu du proiektu teknikoa. Behin hau amaituta, eta baldintza tekniko eta administratiboak idatzi eta gero, Gasteizko Udalak lizitazioari ekingo dio, bus elektrikoaren sistema egungo 2. linean ezartzeko. Ondoren, Tuvisa udal enpresak ustiatuko du.

Autobus elektriko adimendunak hamar kilometroko ibilbidea izango du, eta 24 geraleku berri sartuko dira noranzko bakoitzean, orain arte «ohiko» geralekuak egon diren kokalekuetan. Markesinen estetika tranbiaren markesinen antzekoa izango da, baina 29"-ko LCD pantaila handiagoa jarri da, itxaron beharreko denborari edo beste linea batzuekin dauden konexioei buruzko datuak denbora errealean eskaintzen dituen multimedia informazioa hobetzeko. Horrez gain, geralekuek jendearen arretarako sistemak izango dituzte, ahots eta bideo bitartez.

Autobusen karga sistemari dagokionez, linea bakoitzerako bi kargagailu izango dira, hau da, zirkulazioaren noranzko bakoitzerako bi: Bulebarrean eta Mendizorrotzan. Horrela, karga sistemaren batek huts eginez gero ere zerbitzua ziurtatuta egongo da. 

Hamahiru aubotus

Txartelen balioztapenari eta salmentari dagokienez, Tuvisaren ohiko funtzionamendu sistemarekin alderatuz izango duen berrikuntza nagusietakoa da geralekuan baliogabetu ahal izatea, baita joaneko tituluak erosteko, Bat txartela kargatzeko edo kreditu txartelarekin eta Barik edo Mugi txartelekin ordaintzeko aukera ere. Beste berrikuntza bat da Bat txartela autobus geltokiko, Mendizorrotzako eta Bulebarreko geralekuetan eskuratzeko aukera izango dela.

Gasteizko kaleetatik ibiliko dira %100 elektrikoak diren 18 metroko zazpi eta 12 metroko sei autobus.