NAIZ
IKAZTEGIETA

Orozko ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera batu da

UEMAk Ikaztegietan egin du bere batzar nagusia eta bertan onartu dute Orozkoren sarrera. Begoña Olabarria udalerri bizkaitarreko zinegotziak nabarmendu du «egun handia» dela eurentzat gaurkoa eta proposamena herritarrek sustatu zutela. Josu Labaka UEMAko lehendakariak «arnasguneek euskararen biziberritzean duen funtzioa» nabarmendu du mankomunitateak 85 udal eta ia 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen duela azpimarratu ostean.

Orozko, UEMAko 85. udala.
Orozko, UEMAko 85. udala.

Batzar nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) gaur Ikaztegietan eta taldera udalerri berri bat gehituta ospatu ere. Orozko da UEMAra batu den 85. udalerria eta bertako Kultura zinegotzia Begoñe Olabarria: «egun handia da guretzat gaurkoa (...) Orozko bertan sartzeko proposamena herritik sortu zen, herritarrek osatutako euskara taldetik (...) eta herriagaz elkarlanean heldu gara puntu honetara».

Josu Labaka UEMAko lehendakariak UEMA «inoiz baino sendoago» dagoela gogoratu du eta 85 udal eta ia 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen duela. Urteak eman duenaren balantzea egiteko eguna ere bazen gaurkoa eta Labakak nabarmendu du «arnasguneek euskararen biziberritzean duenf untzioak aitortza zabal eta sendoa» jaso duela aurten, «erakunde publikoen zein euskalgintzkao eragileen aldetik» eta gaurko batzarrean «arnasgune horietatik are gehiago eragiteko ildoak» onartu dituztela.

‘Arnasguneak eta udalerri euskaldunaik: gaurko eta biharko erronkak’ azterketa zuen hizpide Labakak. Gaurko batzarrean arnasguneetatik euskararen biziberritzean are gehiago eragiteko ildoak onartu dituztela ere nabarmendu du. Hurrengo urtera begira, Euskaraldia ekimena nabarmendu dute eta hura garatzeko UEMAko udalerrietan Topagunearekin adostutako ‘Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago’ proposamena garatzeko moduak aztertu dituzte.