NAIZ
DONOSTIA

Richard Oribek jasoko du 2018ko Urrezko Danborra

Richard Oribe igerilari paralinpiarrak jasoko du Urrezko Danborra 2018ko urtarrilaren 20an, herritarrek lehen aldiz boto bidez hala aukeratuta.

Richard Oribe, 2018ko Urrezko Danborra.
Richard Oribe, 2018ko Urrezko Danborra.

Donostiako alkate Eneko Goiak, Udalean eginiko agerraldi batean, jakinarazi du Richard Oribek jasoko duela urtarrilaren 20an Urrezko Danborra.

Herritarrek boto bidez aukeratu dute nor saritu eta Oriberen hautagaitzak jaso du babes gehien. Alicia Amatriain dantzaria, Maialen Chourraut piraguista, Esther Ferrer artista eta performerra eta Dolores Redondo idazlea ziren gainerako hautagaiak.

Guztira, 6.135 izan dira botoa eman duten donostiarrak (3.505 emakume eta 2.630 gizon). 16 urtetik gorakoek zeukaten parte hartzeko aukera (161.144 pertsona guztira).

Udalbatzak oniritzia eman behar dio herritarrek eginiko aukerari.

Kirol ibilbide luze eta oparoa

1974an jaiotako kirolariak sei Paralinpiar Jokotan hartu du parte. Urrezko 9 domina, zilarrezko bost eta kobrezko bi irabazi ditu. Igeriketako munduko bost txapelketetan leihatu da, 22 domina irabaziz: 12 urre, 7 zilar eta 3 kobre. Europarretan 22 urre eta 6 zilar irabazi ditu.

Gainera, munduko errekorrak 48 aldiz haustea lortu du bere kirol ibilbidean, 50, 100, 200 eta 400 metrotako modalitateetan.

Erreferente

Saria Oriberentzat zela jakinarazi eta gero, Eneko Goiak azpimarratu du igerilariak «oso ondo islatzen dituela hiriak dituen baloreetako asko» eta horien artean aipatu ditu zailtasunak gainditu eta aurrera segitzen jakitea. «Borrokalari bat da», nabarmendu du alkateak.

Era berean, adierazi du sari hau «inklusio mezu bat» ere badela, Oribe «erreferente» eta «eredu» delako.