Maite Ubiria
Baiona

EHZ festibala ez da izanen 2018an, 2019an «proiektu berritzailea» martxan jartzea baita helburua

Duela bizpahiru urte zabalduriko gogoetatik etorri da erabakia. Izan ere, joan den ekainean, aroak hala aginduta, festibala bertan behera uzteko beharrak arazo ekonomikoak areagotu eta deliberoa hartzeko premia azkartu egin zuen. Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibala ez da izanen 2018an.

EHZko kideen gaurko agerraldia, Baionan. (Bob EDME)
EHZko kideen gaurko agerraldia, Baionan. (Bob EDME)

Etenaldia trantsizioa egiteko baliatu nahi du elkarteak, 2019an «proiektu berria eta berritzailea» martxan jartzeko xede. Bihar GARA egunkariak Pauline Guelleri eginiko elkarrizketa argitaratuko du. Besteak beste, heldu den ekainaren 29tik uztaila 1 bitartean,  hau da EHZ ospatzen zen ohiko datetan, «festibalik ez baina EHZrekin lotura duen zerbait gertatzen dela» aurreratu du EHZ elkarteko jarduneko lehendakariak.

Euskal Herria Zuzenean (EHZ) elkarteko kideek Baionan eskaini duten prentsaurrekoan aitortu dutenez, joan den ekainean festibala ezeztatzea «erabaki biziki zaia izan zen». Finean, deliberoak lehenagotik festibalak zituen araz ekonomikoak agerian utzi zituen.

Irizpide bakarra ez bada izan erabakia hartzeko orduan, zailtasun ekonomikoek pisu handia izan dutela ez dute ukatu.

Elkarteko kideek azaldu dutenez, «oraindik konpondu ez diren zailtasun ekonomikoek indar asko eskatu digute, ondorioz proiektu berari buruz laguntzaile guztiekin batera eraman beharreko eztabaidak zein gogoetak ezin izan ditugu behar bezala burutu».

Horrela, festibalak eskatzen duen lan zama albo batera utzita, 2018a trantsizio urte gisa hartu du elkarteak, «EHZ berdefinitzeko eta dinamikari arnas berri bat emateko momentua iritsi dela uste dugulako».

Kontent dira EHZko lagunak ekainaz geroztik Euskal Herri osoan festibalaren alde sorturiko zirimolak ekarri duen haize freskoarekin. Orotara 14 bat ekimen egin dira, era askotarikoak, festibalaren aldeko sosa biltzaz gain horren itzala zabaltzeko balio izan dutenak.

Balorazio baikor horrekin bat dator Pauline Guelle. GARAk bihar argitaratuko duen elkarrizketan «ekimen horiek guztiak gure baloreen arabera eta EHZren espiritua atxikiz garatu direlako kontent gara eta jende guzti horiek eman diguten babesa nahi dugu eskertu» aitortu du elkarteko jarduneko presidenteak.

Horretaz gain, iragan irailean Ezpeletan egin bezala, «EHZ bezala» hainbat ekimen antolatuko dituztela trantsizio urte horretan azaldu du Guellek.  Baita ohar garrantzitsu bat egin duela ere, hain zuzen ere festibalaren datak agenda atxikitzeko gomendioa emanez.

Heldu den ekainaren 29tik uztailaren 1era «festibala ez bada ere, EHZ den zerbait» izanen da. Egun horietan, nolabait, 2019. urtean sortuko den «proiektu berri eta berritzaile» horren lehenengo pistak emango dizkigute.