Pettarreko gazteen maskarada: Ezpeizetik Ürrüstoira
2017/01/22 - 2017/04/30

10:00

Ezpeize
Zuberoa
Maskaradaona
AIPAMENAK

Urtarrilaren 22an hasi eta apirilaren 30a arte luzatuko dira aurtengo Zuberoako maskaradak. Zuberoako Arbaila mendien iparraldean kokatzen den Pettara eskualdeko Xiberoko Jauna elkarteak antolatuko ditu. Elkartea Ezpeize-Ündüreineko, Ürrüstoi-Larrabileko, Ainharbeko, Sarrikotako, Onizepeako eta Mitikileko gazteez osatuta dago.

Bi ezaugarri nagusi ditu aurtengo maskaradak: gaztetasuna eta herrien biltzea; Pettar aldeko sei herrietako biztanleen parte-hartzea beharrezkoa izan baita maskarada antolatu ahal izateko. Ikuspegi artistikoari helduta, aspaldi agertzen ez ziren bi pertsonaia tradizional ekarri dituzte maskaradara: hartz hezlea eta ikusle artean dabiltzan lili saltzaileak.

Gazteak eta euskaldunak dira parte-hartzaileetako anitz. Gehienak 25 urterekin maskaradan parte hartzeko zahar sentitzen direla azaldu zuen Margo Fauri dantza irakasleak. Horrela, dantzarien artean zaharrenak 24 urte ditu eta 15 gazteenak.

Arizaleen artean euskaldunak dira gehiengo nagusia, kauteretan denak, eta buhameetan gehienak. Denak zuzentzen Allande Davant dabil, eta 1996an Mitikilen jaunaren kargua izan zuen errejentak garai hartan Zuberoan euskaldun gehiago bazirela azaldu zuen, «salbu Pettarrean, Mauletik behera bada belaunaldi bat ikastolatik etortzen dena eta orain euskaraz mintzo dena».

Jaunaren kargua duen Jerome Serbiellek argi erran zuen: «Maskaradan parte hartzen duten euskaldun guztiak ikastolatik pasatu dira». 30 urte dituen, eta euskalduna ez den Serbiellek bere belaunaldian haustura eman zela azaldu zuen.

Pettar aldeko sei herritako biztanleak ari dira parte hartzen: Ezpeize-Ündüreine, Ürrüstoi-Larrabile, Ainharbe, Sarrikota, Onizepea eta Mitikile. «Aspaldian maskaradarik egin gabe ziren herriak bildu dira», azaldu du errejentak.

2008an lau herriren artean ’Xiberoko Jauna’ pastorala egiteko sortu zen elkartea dago maskaraden jatorrian. Geroztik bereziki dantzaren arloan izan du jarraipena inguruko biztanleak bilduz. Fauriren hitzetan: «Ez da erraza izan jendea motibatzea, baina pixkaka lortu dugu». Baita ere Pettarreko Xiberoko Jauna elkarteko presidentea ere baden Serbiellek: «hastapenean jendea biltzea zaila izan zen, horregatik inguruko herrietara jende bila joan ginen».

Hartzari balentriak egiten erakusten dion kargua eta lili saltzaileak berreskuratu dituzte. «Nahikeria izan da hezlea agertzea, kargua ahantzia zen, baina inportantzia eman nahi izan diogu», adierazi du Davantek.

Egitaraua:

Urtarrilaren 22a, igandea: Ezpeize

Urtarrilaren 29a, igandea: Gotaine

Otsailaren 5a, igandea: Altzai-Lakarri

Otsailaren 12a, igandea: Altzürükü

Otsailaren 19a, igandea: Müskildi

Otsailaren 26a, igandea: Pagola

Martxoaren 4a, larunbata: Maule

Martxoaren 11a, larunbata: Idauze

Martxoaren 18a, larunbata: Iruri-Zalgize

Martxoaren 26a, igandea: Urdiñarbe

Apirilaren 2a, igandea: Larraine

Apirilaren 9a, igandea: Hoki

Apirilaren 16a, igandea: Barkoxe

Apirilaren 23a, igandea: Gamere

Apirilaren 30a, igandea: Ürrüstoi

 

ORDUA

10:00

KOKAPENA
Zenbait tokitan
Ezpeize
Zuberoa