Artiumen 15. urteurrena
2017/04/01 - 2017/11/30
Gasteiz
Araba
ETIKETAK: Artium
Liliana_porter
AIPAMENAK

Artium Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak «adiskidez inguratuta» ospatuko du hamabosgarren urteurrena.

Cesar San Millan argazkilari gasteiztarra Artiumen Lagunen programari loturiko museoaren ehun bat lagunen argazkiak egiten ari da, eta haien aurpegiek, formatu handian erreproduzituta, museoaren perimetroaren zati handi bat inguratuko dute apirilaren 1etik aurrera.

Argazki instalazio hori aurrenekoa izango da Artiumek urtemuga ospatzeko antolatu dituen jardueretan, eta aldi berean, berriz zabalduko dira erakusketa aretoak, zenbait hilabetez zaharberritze sakona egin ondoren, Artiumeko arduradunek jakinarazi dutenez.

Cesar San Millanek Artiumen Ekialdeko Beheko Aretoan ezarri du behin behinekoan argazki estudioa. Hala, egunotan bertatik ari dira pasatzen ehunka pertsona, argazkilari gasteiztarrak «betikotu» ditzan. Stand soil bat besterik ez da, ilunpetan dagoena, objektu bakanez hornitua: aulki bat, atzealde beltza, flashak, erreflektoreak eta argi kutxak, formatu handiko kamera digital bat, aurpegi irribarretsu bat eta artistaren begi trebea eta teknika guztiz landua.

Erretratuetan ageri direnak museoaren lagunak dira denak, ‘Artium, urtebetetzean, adiskidez inguraturik’ proiektuan parte hartu duten lehenengoak. Aingeru Torrontegi Artiumen Adiskideen zerbitzuko arduradunak azaldu duenez, «proposamen hau museo honena bezalako proiektuen ‘giza alderdiaz’ mintzatzen den proiektu bat da, argi erakusten duena haien atzean hezur-haragizko pertsonak daudela, proiektu horiek bizitzen eta babesten dituztenak».

Cesar San Millan gasteiztar artista eta argazkilariak arkitekturaren eta erretratuaren generoak lantzen ditu bereziki. Azken kasu horretan, pertsonaren barneko balioa interpretatzen eta haien bizitzaren halako adierazpen bat erakusten saiatzen da bere modeloetan. Bere obra, beste funtsekin batera, Artium Bilduman dago, eta parte hartu izan du arabar museoko hainbat talde erakusketetan ere, esate baterako, ‘Herri-altxorra’ erakusketan. Banakako erakusketak ere egin ditu, besteak beste, Amarica Aretoan eta Montehermoso Kulturunean.

Argazki instalazio hau, bestalde, Artiumek aurtengo apirilerako antolatu duen jarduera programaren abiapuntua izango da, era horretan ospatzeko, alde batetik, 15. urteurrena, eta bestetik, museoaren bi erakusketa areto handien berrirekitzea, Iparra eta Hegoa aretoena, azken hilabetetoan sakonki zaharberritu baitira.

KOKAPENA
Francia Kalea, 24
Artium
Gasteiz
Araba
LOTURAK