Booktuberboom, I. Booktuber Lehiaketa
2017/05/05 - 2017/10/24
Arrasate
Gipuzkoa
Booktuberboom
AIPAMENAK

Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri Elkarteak Booktuberboom I. Booktuber Lehiaketa jarri dute martxan, Euskal Herriko 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta, eta parte hartzaileek euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko booktube bat sortu beharko dute. Lehiaketa sustatzeko lehen topaketa maiatzaren 5ean izango da, Arrasateko Udal Liburutegian.

Egitasmoaren helburua Euskal Herrian booktuber plataforma sortzea da, hau da, euskal booktuber komunitateren lehen hazia landatzea, eta horretarako, 14 eta 18 urte bitarteko gazteen parte hartzea bilatzen dute. Modu honetan, Booktuberboom lehiaketa eta lehiaketa sustatzeko booktuber bilkurak antolatu dituzte.

Ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, lehenengo bilkura hilaren 5ean izango da, 18:30etik 20:30era, Arrasateko Udal Liburutegian. Jarraian, maiatzaren 12an, 19:00etatik 21:00etara, bigarren bilkura Tolosako Udal Liburutegian egingo da, eta maiatzaren 26an hirugarrena, 18:30etik 20:30era, Deustuko Udal Liburutegian, Bilbon. Irailean topaketa gehiago antolatuko dira.

‘Book’ (liburua) eta ‘tube’ (Youtube) lotzen dituen bideoa da booktube, hau da, Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo grabazioa.

Maiatzeko topaketak lagun arteko giroan egingo dira, eta Mattin Zeberio tolosar youtuber gaztearen gomendioak jasoko dituzte parte hartzaileek. «Booktuber fenomenoa zer den ezagutuko dute, booktube bat zer den eta nola egiten den ikasiko dute, eta ikasitakoak praktikan jartzeko aukera ere izango dute», azaldu dute.

Booktuberboom lehiaketan parte hartzeko epea urriaren 24an amaituko da.

KOKAPENA
Azoka Kalea, 1
Udal liburutegia
Arrasate
Gipuzkoa
LOTURAK