Eako Poesia Egunak
2017/07/14 - 2017/07/16

Egun osoz

Ea
Bizkaia
Poesia_eguna
AIPAMENAK

‘Marrazkia azalean, azala hitzetan’ goiburuarekin artista grafikoak, musikariak, antzerkilariak eta, batez ere, idazleak batuko dira uztailaren 14tik 16ra Ean. Artearen eta literaturaren arteko harremana jorratuko dute 14. edizio honetan Bizkaiko kostaldeko herrian. Hiru egunetarako egitarau oparoa osatu dute behinola Gabriel Arestik oporrak igaro zituen herritxoan. Arestiren omenez poesia, artea, musika eta giroa ziurtatuta dago Ean.

Asko dira bertan batuko diren idazle eta poetak, baina aurtengo berezitasuna artista grafikoek eta artearen inguruko lagunek osatuko dute; Xabier Gantzarain eta Ismael Manterolak hitzaldi bana eskainiko dute larunbat eta igandean, artearen eta literaturaren arteko harremanaz, eta Txakur Gorria kolektiboko artistek Uxue Alberdiren ‘Alfonsina eta itsasoa’ errezitaldian zuzeneko irudiak eskainiko dituzte ilustrazio gisa.

Lauaxeta eta Federico Garcia Lorca poetak ere gogoratuko dituzte Ean igandean, Jon Maiak eta Josu Kamarak idatzi eta zuzendu duten ‘Ele!’ ikuskizunean. Bertan dantza, musika hitzak eta irudiak uztartzen dira. Gitarristak, flamenko-kantariak, Lauaxetaren poemek eta Josu Marotoren zuzeneko ilustrazioek jantziko dute ekitaldia.

Eako Poesia Egunetako azken ekitaldia berezia izango da aurten, lehenengo aldiz umeentzako poesia saioa izango baita. Yolanda Arrieta, Ana Urkiza eta Leire Bilbao idazleek, Pello Ramirezen doinuak eta Sahatsa Ramirezen dantzak izango dituzte bidaia-lagun ‘Aho bete amets: haurrak, poesia eta gu’ ikuskizunean. Hor ere Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak zuzeneko irudiak eskainiko ditu.

Asteburu osoan zehar makina bat ekitaldi izango da Ean. Baina uztaileko gaugiro aparta baliatuz, poesia eta musikak bat egiten duten itsas ondoko giroa sortzen da Eskolondoan. Aurten ere musikari dagokion programazioa erakargarria suertatuko da. Isaac Xubin idazle eta itzultzaile galiziarrak –euskaraz ere ondo daki– ‘Tempo de exilio‘ Joseba Sarrionandiaren poema- bildumako testuak errezitatuko ditu galizieraz. Eta horren ostean, Azpeiti eta Zarautz arteko Errime taldeko musikariek kontzertua eskainiko dute. Taldekideak Itu bandakoak ere badirenez, poesia oso gertutik bizi dute, musikan ari direnean ere.

Biharamunean Sarako Amaiur B. Blasco poeta eta Inun musikariak kontzertu-errezitaldia eskainiko dute, eta asteburuko ezustekoa Kerobia taldeko kideek eskainiko dute, ‘Estomatolito’ izeneko emanaldiarekin arituko dira itsasoari kantuan, ‘Kerobia’ eta ‘Anticonente’ proiektuetako kantuak eskainiz.

Bestalde, literatur aldizkari baten tankera hartuko du berriz ere Eako poesia egunak iragartzeko baliatzen duten ‘Harrikadie’ berripaperak. Egitarauaz gainera, literatur aipamenak, irudi eta argazki ederrak eta zenbait poema eta itzulpen jasotzen ditu bereziki zaindutako publikazioak.

ORDUA

Egun osoz

KOKAPENA
Ea
Bizkaia
LOTURAK