Egungo turismoaren aurkako manifestazioa
2017/08/17
Donostia
Gipuzkoa
Ernai_donostia
AIPAMENAK

Azken urteotan Gipuzkoako hiriburuan turismoaren presentziak «modu basatian» gora egin duela ohartarazi du Ernai gazte antolakundeak eta horrek izan dituen ondorioen aurrean –prekarietatea eta etxebizitzen prezioaren igoera, esaterako–, «Donostia berri bat» aldarrikatzeko manifestazioa egingo du abuztuaren 17an, Aste Nagusian.

Gazteek kezka adierazi dute azken urteotan Donostian turismoaren presentziak «modu basatian» egin duelako gora. «Herritarron beharrak ertzetara desterratu dizkigute, eta hiriko engranajean dugun papera turisten zerbitzura aritzea besterik ez da. Donostian turistentzako jolas-parke iraunkorra eraiki digute langileon bizkar», azpimarratu dute antolatzaileek.

Uda iristearekin batera «egoerak muturrera» egiten duela ohartarazi du Ernaik, turista kopuruak nabarmen egiten baitu gora eta, «horrekin batera, baita gazteon prekarizazio mailak ere».
Hala ere, Donostian jasaten ari direna, esan dutenez, ez da urtaro kontua, «kapitalismoa baizik».

«Ez dugu tokirik turisten erdaraz bakarrik hitz egin daitekeen Donostian. Ez dugu tokirik etxebizitzaren prezioa aberatsenen eskura bakarrik dagoen Donostian, turistentzako etxebizitzekin espekulatzen den hiri honetan. Ez dugu tokirik Kortxoenea gabeko Donostian, saltzen den kulturarenean. Ez dugu tokirik, sangria eta beroaren izenean jarrera sexisten areagotzea jasan behar badugu. Ez dugu tokirik gentrifikazioaren Donostian, auzorik gabeko hirian, hai herrikorik gabekoan; zezenketen Donostian. Ezta Amancio Ortegaren Donostian ere. Ez dugu izaterik bizitzako aspektu guztiak prekarizatzen dizkigun Donostia honetan», salatu dute.

Horregatik, abuztuaren 17an herritarrei «Donostia berri bat» aldarrikatzeko deia egin dute, «postalen atzean bagarelako».

KOKAPENA
Donostia
Gipuzkoa